http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizek coaching programa berezia egin nahi die enplegu bila denbora gehien dabiltzanei

SERGIO EGUÍA

Gasteizko Udalak enplegu bilaketarako coaching programaren edizio berria programatu du otsailerako. Ekimena 45 urtetik gorakoei eta 30 urtetik beherakoei zuzentzen zaie, hain zuzen ere enplegua lortzeko arazo gehien dituzten bi adin-tarteei. Beraz, programa arreta berezia egingo die enplegu bilaketa aktiboan ari direnei.

Enplegu bilaketarako coaching programaren xede nagusia enplegu bilaketako prozesuetan (lan-elkarrizketak, talde-dinamikak…) partaideei beren profil profesionala eta gaitasunak ahalik eta hobekien aurkezteko prestatzea da prestatzea da. Coachingari esker, helburua zehaztea eta ekintza-plana ezartzea lortzen da.

Horretarako, talde-dinamikak eta elkarrizketa pertsonalak egingo dira, coaching profesionalek zuzenduta, aukera emango dietenak partaideei beren talentua aurkitu eta garatzeko, dituzten balore bereizgarriak identifikatzeko, eta norberaren ezaugarri pertsonalak nabarmendu eta sustatzeko. 31 orduko prestakuntza-saioetan jendaurrean hitz egiteko eta aurkezpen eraginkorrak egiteko teknikak ere jorratuko dira, bai eta lidergo pertsonala aktibatzeko eta talde-lanean aritzeko moduak ere.

“Programa hau laguntza emateko beste baliabide bat da, Udalak enplegu bila dabiltzanei eskaintzen diena; honen bitartez, partaideek beren profil profesionaleko indarguneak ezagutu ahalko dituzte, eta ahalik eta hobekien baliatu elkarrizketa eta hautatze-prozesuetan. Etorkizuneko lan-merkatuak pertsona kualifikatuagoak eta euren gaitasunak erabiltzeko gaituak eskatuko ditu. Horretarako, coachinga tresnarik egokienetakoa da”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak. “Gure lehentasuna enplegua da, eta enplegu bila ari direnei kalitatezkoa lortzen lagunduko dien oro ematea. Coachingaren bitartez garrantzia ematen diegu partaideen ahalmen eta gaitasunei, ahaldundu egiten ditugu”, gehitu du Melgosak.

Enplegu bilaketarako coaching programan izena ematea doan da, baina horretarako derrigorrez langabea izan, aipatutako adin-tarteetako baten egon, eta enplegua aktiboki bilatzeko prozsuan egon beharra dago. 2018rako bi edizio aurreikusi dira: lehena otsailaren 1etik 16ra bitartean izango da (izena emateko epea urtarrilaren 27an amaituko da) eta bigarrena apirilaren 9tik 24ra bitartean; kasu bietan, ordutegia 09:30etik 12:30erakoa izango da.

2017an enplegu bilaketarako 6 coaching-lantegi egin ziren, 62 lagunek hartu zuen parte, horietatik 40 emakume eta 22 gizonezko. Partaideek oso balorazioa positiboak egin dituzte, izan ere, 6 lantegietako batez besteko nota 9koa izan zen.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos