http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizek aurrera egin dezan ahalbidetzen duten proiektuak babestera animatu ditu alkateak taldeak

SERGIO EGUÍA

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek talde politikoak beren botoak baietzaren koalizioan batzera gonbidatu ditu, hiriak aurrera egin dezan. “Parteka ditzagun protagonismoak eta jarduerak, herritarrek benetan nahi dutenari erantzunez. Negoziatzeko eta adosteko prest dagoen gobernua dute hemen”, adierazi du Urtaranek, eta eskua luzatu du hitz egiteko eta Gasteizek behar dituen proiektu estrategikoak adosteko.

Urtaranek azpimarratu du nahiko zukeela 2018rako aurrekontua adostu izana, baina oraingo aurrekontu-luzapenak ez duela eragotziko ez zerbitzu publikoen eguneroko kudeaketa, eta ez duela eraginik izango martxan dauden proiektu eta obra garrantzitsuenetan. Horren adibide dira mugikortasun iraunkorraren alorreko inbertsio handiak, Industria Planaren garapena, Espazio Publikoaren Gida Planean aurreikusitako kale eta plazen eraberritzea edo Eraztun Berdearen handitzea. Horretaz gain, ekimen berriak abiaraziko dira: San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala, Zulueta jauregia martxan jartzea, eta abiadura handia Gasteizera lurpetik sartzeak ekarriko dituen aukeren azterketa.

Alkateak nabarmendu duenez, 2017ko aurrekontuan aurreikusitako urtekoak birbanatzea —joan den abenduaren 29an Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi zuen hori, aurrekontu-luzapena indarrean sartu zelarik— legezko neurria da, gobernuetan ohikoa eta zentzuzkoa, udal kontuak inbertsioen gauzatze-egoerari egokitu ahal izateko balio baitu.

Horrekin lotuta, Urtaranek gogorarazi du Aurrekontuak Betetzeko Araudiak berak aukera ematen duela 17. artikuluan luzatutako aurrekontuaren konpromisozko kredituen urtekoak aldatzeko, baldin eta zenbateko osoa aldatzen ez bada. Eta halaxe jokatu da, aurrekontua luzatzen denean ohikoa den neurria hartuz, zeina aurreko gobernuak ere baliatu baitzuen, urrutirago joan gabe.

Izan ere, erabaki komenigarria eta zentzuzkoa da, 2017ko hasieran aurreikuspena zena kasu gehienetan dagoeneko esleituta dauden eta lanak hasita dituzten inbertsioen egoerara doitu beharra baitago. Esate baterako, Santa Barbara plazaren eraberritzea, tranbia hegoalderantz luzatzea, Araneko silo-aparkalekua, Etxanobetarren etxean irisgarritasuna hobetzea eta industrialdeak hobetzea: gauzatzen ari diren proiektu horietan aurreikusitako urtekoak dagoeneko esleitutako lanen benetako kostuari egokitu zaizkio.

Gasteiz Antzokia proiektuaren kasuari gagozkiolarik, Urtaranek nabarmendu du urtekoak berresleitzeak irekita uzten duela aurten proiektua eta obra kontratatzeko aukera. Hartara, atea irekita utzi da EH-Bildu taldearekin horri buruzko berariazko akordioa lortzeko, aukera hori ahalik eta denbora laburrenean mamitu ahal izateko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos