http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Gasteizek arreta berezia emango dio turismo arduratsuari, eta hirian egun bat, bi edo hiru igarotzeko plangintza berria egin du

Udalak plataforma digitalak, edukien marketina eta sare sozialak baliatuko ditu hiria kanpoan promozionatzeko

SERGIO EGUÍA

Aurtengo udan, Gasteizek arreta berezia emango dio turismo arduratsu gisa dituen erakargarriak promozionatzeari, eta turistek udalerrian egun bat, bi edo hiru igarotzeko plangintza berria egin du. Kultur ibilbideak, Eraztun Berdearen bisitak —Olarizuko etxaldeko bizikleta-alokairua gehituta—, gastronomia eta jaietako tradizioak sartzen dira eskaintzan, zeina turismo iraunkorraren irizpideak kontuan hartuz diseinatu baita, hori delako gure hiria eta gure lurraldea definitzen dituen zigilua, ondarearekin, naturarekin eta enogastronomiarekin lotutako baliabide turistikoak nabarmenduz eta produktu turistikoak sortzen eta garatzen lan egiten duten enpresak ikusaraziz. Helburu komuna dugu: helmuga “green” izatetik helmuga arduratsu gisa sendotzera igarotzea”, nabarmendu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Gasteizko Turismo Zerbitzuak hiriko eta lurralde historiko turismo sektoreko enpresa eta hornitzaileekin batera landu duen programan askotariko jarduerak aurki daitezke: izarren behaketa; putzu, aska, errota eta ur-biltegien historia ezagutzeko ibilbideak; hiriko argiztapenaren zirrikituak ezagutzeko bidaia denboran zehar; hirian garraioak izan duen eboluzioaren berri ikasteko proposamena, zaldi, gurdi eta dilijentzietatik hasita bizikleta, autobus eta tranbiaraino, eta beste jarduera ugari, Gasteizera bisitan datozenek hiria, ingurua eta Arabako gainerako lekuak deskubritzerik izan dezaten. Horretaz gain, Udalak bisita gidatu inklusiboak eskainiko ditu.

Udako kanpainak uztailaren 15etik irailaren 17ra arte iraungo du, baina Turismo Bulegoak uztailaren 1etik aurrera luzatu zuen ordutegia, 10.00etatik 20.00etara, eta egunero irekiko da, bai eta igande eta jaiegunetan ere. Tren turistikoa ere hasi da martxan, eta aurten ordubete luzatuko da zerbitzua, 10:00etatik aurrera.

Fotos

Vídeos