http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteizek 300.000 eurotik gora bideratuko ditu gazteei laguntzeko proiektuetarako

Alkatetzak 10.500 euro emango dizkio EGKri gazteria politikei buruzko partaidetza-prozesua garatzen laguntzeko.

SERGIO EGUÍA

Gobernu Batzarrak gaur onetsi duenez, 300.000 euro bideratutako dira Gasteizen gazteria politikekin zerikusia duten talde eta elkarteekin lankidetzan aritzeko zenbait ekintzatara.

Batetik, Alkatetza Sailak 10.500 euro jarriko ditu EGK-Euskadiko Gazteria Kontseiluarekiko hitzarmenerako. Gazteria Zerbitzuak 2017an landu zuen Udalaren IV. Gazte Plana, eta horren barruko zenbait jarduera jarri ditu abian, besteak beste, aipatutako Kontseiluak ardura osoa edo zati bat duen ekintzak.

Hitzarmen horren bidez, Euskadiko Gazteria Kontseiluak Gasteizko Udalaren gazteria politikei buruzko partaidetza-prozesua garatuko du 2017ko irailaren 1etik 2018ko ekainaren 30era bitartean.

Bestetik, udal gobernuak bi urte luzatu du gizarte etxeetako gazteentzako Xtraclub aisialdi eta denbora libreko programa. Gazteria Zerbitzuaren iritziz, lortutako emaitzak eta Ludoland enpresaren kudeaketa oso onak izan dira. Jardueren bitartez, neska-mutilek ezagutza berriak, trebetasunak etas jarrera positiboak bereganatu dituzte, baina nabarmengarriena elkarren arteko bizikidetza osasuntsua izan da, eta erakutsitako balioak: begirunea, enpatia eta ezberdinekiko tolerantzia. Kontratuak iraun duen epean, 3.600 gazte inguruk hartu dute parte Xtraclubeko 120 jardueretan (lantegiak, ikastaroak, irteerak, kanpamentuak).

Udalak 2017ko irailaren 1etik 2019ko uztailaren 27ra arte berritu du programazioa, 293.545,45 euroan.

Bestetik, udal gobernuak Eginaren Eginez elkartearekiko lankidetza-hitzarmena onetsi du, 2017ko ekitaldian aholkularitza juridikoa emateko; Udalak 27.000 euro jarriko ditu.

Gasteizko herritarrei arreta eta aholku ematea eta desgaitasun fisikoa eta/edo organikoa duten pertsonak beren eskubideak aldezteko gaitzea da helburua. Gainera, elkarteari lege aholkularitza ematen dio, indarrean dauden legeen edo proposamen berrien konplexutasun terminologikoa eta horiek zuzen interpretatzeko beharra direla kausa beharrezkoa baita.

Fotos

Vídeos