http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteiz turismo helmuga gisa promozionatzen ari da Stuttgart, Munich, Sevilla eta Mantuan

SERGIO EGUÍA

Egunotan Gasteiz turismo helmuga gisa promozionatzen ari da Alemanian, Italian eta Sevillan, Biltzar eta Turismo Zerbitzuaren estrategiaren barruan: Alemanian, bidaia agentzia eta operadoreekin konektatuz, eta Sevillan, publiko zuzenarekin. Gainera, Hiri Napoleonikoen Sareak asteburuan Mantuan egingo duen bileran parte hartuko du Euskadiko hiriburuak.

Atzo Sttutgarten eta gaur Munichen, Gasteiz bidaia eta MICE deritzon turismoko 70 agente eta gehiagoren artean promozionatzen ari da, Euskadi helmuga bateratu gisa Basquetour–Turismoaren Euskal Agentziak 2017an nazioartean promozio turistikoa egiteko landu duen ekintza planaren barruan. Municheko Turismo Bulego Espainiarraren lankidetza ere izan dute.

Herri kirolak eta Arabako Errioxako ardoa Sevillan

Bihartik aurrera, eta asteburuan zehar, Biltzar eta Turismo Zerbitzua “Destinos” karpan egongo da, Sevillako Encarnación plazan, “potentzial handia duen helmuga igorle batean azken bezeroengana iristeko asmoz; gainera, kontuan izan behar da Sevilla eta Gasteiz arteko hegaldi zuzenak promozio-ekintza hori bukatu bezain laster hasiko direla”, nabarmendu du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Arabako Errioxako ardoaren dastatzeek, azalpenez lagunduta; herri kirolen erakustaldiak, eta hiriari buruzko informazio-guneak osatuko dute promozio-ekintza, zeina Bilbo, Donostia, Zarautz, Irun eta Hondarribiko turismo zerbitzuekiko erakunde arteko lankidetzarako estrategiaren barruan sartzen baita, Turismo Bulegoaren arduradun Clara Navasek Andaluziako hiriburutik azaldu duenez.

Bestetik, Biltzar eta Turismo Zerbitzuko buru Delia Garcíak Hiri Napoleonikoen Sareak Mantuan (Italia) egingo duen bileran hartuko du parte asteburuan; nazioarteko ibilbide napoleonikoa potentzial handiko produktu turistiko gisa sustatzea da horren helburua.

Fotos

Vídeos