http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gasteiz eta Angulemak loturak estutu dituzte Frantziako herri honetako alkatearen bisita dela eta

Angulemako alkateak Gasteizek giza-eskalako hiri eredua bultzatu duela nabarmendu du, pertsonak kontutan hartuz, antzera artzeko garapen eredua

I.AGOTE

Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Angulemako alkate Xavier Bonnefontek gaur arrasaldean bi hirien arteko aliantza berritzeko akordioa sinatu dute, senidetzearen 50. urteurrena ospatzen denean. Sinadura Gasteizko Udalak Angulemakoari egin dion harrera batean egin dute. Angulemako alkatea, Frantziako hiri horretako beste hainbat ordezkarirekin batera, Gasteizen da asteburuan zehar egiten ari den bisita instituzionalean. Ekimen honetara ere Igone Martinez de Luna Kultura Diputatua; Peio López de Munain eta Itziar Gonzalo alkateordeak; Estibaliz Canto Kultura zinegotzia eta beste hainbat Udalbaltzako ordezkari ere gerturatu dira. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, gainera, makila eman dio Bonnefonti opari gisa. Bi alkateek Gasteiz eta Angulemaren arteko lotura estutzeko konpromisoa erakutsi dute, senidetze hori oso garrantzitsua baita bi hirietan.

Urtaranen hitzetan, Angulemarekin sinatuta dagoena Gasteizek dituen sei senidetzeen artean lehenengoa da. Alkateak, gainera, duela 50 urte lotura hori bultzatu zutenen ikusmena goraipatu eta eskertu du, baita bi hiriek orain duten erlazioa ere. “Senidetzea oso tresna egokia da hainbat arlotan esperientzia eta ekimenak trukatu eta elkarbanatzeko. Horri esker Gasteiz eta Angulemaren arteko elkartasun eta loturak estuak dira”, esan du Gasteizko alkateak.

Bonnefontek, bere aldetik, mende erdi honetan kultura eta sormenaren arloan lortutakoak goraipatu ditu. Gainera, Europaren sorkuntzan senidetzeak duen pisua eta garrantzia ere azpimarratu ditu. Angulemako alkateak Gasteizek giza-eskalako hiri eredua bultzatu duela nabarmendu du, pertsonak kontutan hartuz, antzera artzeko garapen eredua.

Frantziako herri horretako udaleko ordezkaritzari egin zaion harreran Angulemarekin erlazio handia izan duten erakunde, entitate eta pertsonek protagonismoa izan dute. Berrogeitamar bat lagunek parte hartu dute. Bertan Angulemarekin trukeak antolatzen dituzten eskolak, kirol taldeak, ekonomiaren arloko agenteak edota kulturaren arloko hainbat kolektibo izan baitira, komikiaren ingurukoak adibidez.

Harrera ofizialaren ostean, Angulemako ordezkariak XVI Erdi Aroko Azokara joan dira, hura ezagutzea baita bisitaren helburuetako bat. Programak bihar jarraituko du: hirian zehar bisita egingo dute, eta Natura Interpretatzeko Zentrora, Atariara, joango dira. Bertan Salburuko Hezeguneak ezagutuko dituzte. Gainera, Merkatu Plazara joango dira eta ‘Lurra ardoa dantza’ ikuskizunera joango dira Principal Aretora.

Angulemako alkatearekin batera Gasteizera etorri dira Angulemako Senidetze eta Nazioarteko Harremanen zinegotzi Elisabeth Lasbugues; Goi Mailako Irudi Eskolako zuzendari Patrick Clanet; Senidetze komiteko presidente Christine Granet eta komite horretako presidenta orde Marie Jeanne Lavigne.

Fotos

Vídeos