http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

gaizki esanak

Decca disko-etxeak Beatles taldearekin sinatzea errefusatu zuen «gitarraz egindako musika modan ez dagoelako». /e.c.
Decca disko-etxeak Beatles taldearekin sinatzea errefusatu zuen «gitarraz egindako musika modan ez dagoelako». / e.c.
ROBERTO MOSO

Guztiok, noizbait, gure gaizki esanak izan ditugu. Gehienok, era berean, bizitzak denbora aski eman badigu, iritziz aldatu gara zerbaitetan. Gure esandakoen hemerotekari errepaso eginez gero, denok lotsarako eta harrotasunerako baieztapenak aurkituko genituzke. Horrela ez bada, gure pentsaera denboran zehar monolitikoa eta aldaezina agertzekotan, ez dut uste gutaz gauza onik esango zuenik.

Azken garaiak oso hemerotekazale izaten ari dira. Politikarien prentsa-arduradunek buru-belarri jarduten dute arerioei buruzko gaizki esanen (eta eginen) bila, zenbait irrati-telebistatan gaueko oilategietan elkarri botatzeko asmoz. Adibideren bat ematearren, Jordi Évolek, Puigdemont presidenteari Kurdistaneko erreferendumari emandako kontrako botoaz galdetu zion. Argi zegoen, une hartan, galdetuak ez zekiela kazetaria zertaz ari zen ere.

PP-k bere aldetik, urriaren bata berotu zuen, zenbait agintari katalanek esandako kutsu ‘hispanofoboa’ zuten adierazpenen bilduma bat argitaratuz. Whattsappeko taldeetan pil-pilean dabiltza batzuen eta besteen astakeriak, askotan inolako fidagarritasunik gabekoak eta norbait intoxikatzeko asmoz asmatuak.

Processaren hemeroteka, ezbairik ez, gaizki esanen ‘Guinness’ errekor liburuan sartzeko gai da. Irakaskuntzan ibilbide luzea izan duen lagun batek esana: «Hamaika eskola eman eta gero eta milaka esaldi esan ondoren, ikasle ohi batek beti gogoratuko dizu ahaztuta daukazun lelokeriaren bat».

Herri jakinduriak ondo badakienez, hobe isilik egotea eta babalore itxura ematea, ahoa zabaltzea eta babalore hutsa zarela baieztatzea baino.

Historian zehar hanka-sartzeen zerrenda bitxia bezain oparoa da. Albert Einsteinek, 1932. urtean, energia nuklearra lortzea erabat ezinezkoa izango zela iragarri zuen. Decca disko-etxeak Beatles taldearekin sinatzea errefusatu zuen «gitarraz egindako musika modan ez dagoelako». Thomas Watson, IBM enpresaren presidenteak 1943. urtean argi eta garbi azaldu zuen: «Asko jota, munduan zehar bost konputagailurentzako merkatua dago». «¡Qué error!, ¡qué inmenso error!», oihukatu zuen Ricardo de La Cierva historialariak, Adolfo Suárez presidente izendatu zutenean.

Urrutira joan gabe, Jon Idigorasen lerro-burua daukagu bere azkenetariko elkarrizketa batean: «Neurri polizialek ez dute inoiz ETA amaituko, hurrengo egunean milaka ETA sortuko bailirateke», eta ez zen, jakina, antzeko zerbait esan zuen bakarra.

2003. urtean George Bush hau esatera ausartu zen: «Mundua seguruagoa da orain, Sadam Hussein eta Talibanak ez daudelako». Hamaika urte geroago, Barak Obamak antzeko zerbait baieztatu zuen Osama Bin Laden akabatu ostean. Bitartean, Iraken gordeta zeuzkaten suntsipen masiboko armak ez dira agertu, eta, inork ez du uste agertuko direnik, baina... «No le quepa a usted ninguna duda de que aparecerán» (Jose Maria Aznar).

Arrain asko ‘ahotik’ hiltzen dira egunero. Antzinako egunkariak lotsarazteko moduko tituluz beteta daude. Hemeroteka agintari askoren etsairik nagusiena bihurtu da, nahiz nabaria denez, horrelako astakeriek ez duten, normalean, inolako ordainik izaten.

Xabier Leteren hitzak datozkit burura, horrelakoak entzuten ditudan bakoitzean: «Haunditzen zeranean/ ikasiko duzu/ isilik egoteak/ zenbat balio dun».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos