http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gaixotasun tropikalen aurkako txertoak sortzeko finantzaketa kolektiboko kanpaina

Gaitz asko odolaz elikatzen diren intsektuen bidez transmititzen dira.
Gaitz asko odolaz elikatzen diren intsektuen bidez transmititzen dira. / J. Gathany

Ikertzaileek heriotza eragin dezaketen gaitzei aurre egiteko irtenbide berritzaileak lortzea dute helburu. Leishmaniosia, lomina eta chagasa talde horretan daude sartuta

JAN ECHEVARRÍABilbao

Gaixotasun tropikalen kontrako txertoak sortzeko finantzaketa kolektiboko kanpaina jarri du abian Euskal Herriko Unibertsitateko Biofisika Institutuko Birusaren Ikerketa eta Garapenerako Taldeak. Ekimen horrek abuztuaren 8ra arte iraungo du eta ikertzaileek heriotza eragin dezaketen gaitzei aurre egiteko irtenbide berritzaileak lortzea dute helburu. Nabarmentzekoa da leishmaniosia, lomina eta chagas gaixotasunak talde horretan sartuta daudela.

Diego Guerin buru duen EHUko taldeak azaldu duenez, gizakiek gaixotasunak harrapatzeko arriskua dute hainbat patogenoren ondorioz. Patogeno horietako batzuk protozooak dira, organismo zelulabakarrak, eta oraindik ez dago horien kontra borrokatzeko txertorik, nahiz eta mundu osoan milioika pertsonari erasotzen dieten eta urtero milaka heriotza eragiten duten. Gauzak horrela, argi dago horren kontra indarrarekin borrokatu behar dela eta horretan diardute EHUko ikertzaileek.

Gaixotasun tropikalak klima epeleko herrialdeetan kutsatu egiten dira. Ipar Amerikatik Hego Amerikaraino, ia Afrika guztian eta Asiako herrialde ugaritan. Leishmaniosia, denan den, endemikoa da Europa hegoaldeko zenbait herrialdetan ere, eta, pertsonei ez ezik, etxeko animaliei eta animalia basatiei eragiten diete, hala nola txakurrei eta untxiei. Gaitz horiek, nagusiki, odolaz elikatzen diren intsektuen bidez transmititzen dira, baina baita plazentaren, transfusioen eta organo transplanteen bidez ere bai.

Txertoen belaunaldi berri bat

Diego Guerin buru duen Biofisika Institutuko Birusaren Ikerketa eta Garapenerako Taldeak jatorri birikoko proteinen nanopartikulak ekoiztea du helburu, baina ikerketa horretarako ezinbestekoa izango da finantzaketa kolektiboko kanpaina bat egitea. «Immunitate sistema beste era batera estimulatzen duten txertoen belaunaldi berri bat esploratzen gabiltza», azpimarratu du arduradunak.

Txertoak ekoizteko erabiliko duten teknika Madrilgo Bioteknologia Zentro Nazionalean sortu zuten, «eta orain gure laborategian probatu nahi dugu». «Helburua lortuko bagenu, gaixotzeko arriskuan dauden milioika pertsonari gaixotasunok saihesten lagunduko diegu etorkizun hurbilean», azaldu du adituak.

Fotos

Vídeos