http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gabonetan oparitzeko liburuak

Gabonetan oparitzeko liburuak

Zalantzak badituzu, hemen eskaintzen dizkizugu proposamen batzuk

JAVIER ROJO
Uxue Alberdi Jenis Joplin

Lerro hauek idazten direnean, 2017. urtean ez da argitaratu narratibaren alorrean gure idazle kanonikoen idazlanik. Baina horrek ez du esan nahi liburu interesgarririk agertu ez denik. Hauen artean Uxue Alberdiren nobela azpimarratuko nuke. Nobela honetan, ardatza, protagonistarena egiten duen pertsonaiaren ibilbidea da. Izan ere, eleberrian zehar Nagore Vargas (Jenisjoplin, aitak deitzen dion bezala) izeneko pertsonaiaren bizitza kontatzen zaigu, lehenengo pertsonan azalduta. Istorioan berak foku moduan jokatzen du, bere inguruan gertatzen den guztia argitzen eta argi horren arabera azaltzen. 80ko hamarkadaren lehenengo urteetan jaiota, oso gaztedanik, nerabezarotik, bere bizitzaren lema eskuetan eduki nahi izan du. Nobelan azaltzen denez, hiru zutaberen gainean eraikitzen du bizitza: militantzia, sexua eta disidentzia. Euskal Herriko eskualde marjinatuan hazita, klase kontzientzia argia du lehenengo momentutik eta berak, baztertuen alderdian dagoelarik, mundua marjinalitate horretatik ikusten du. Sexua, bestalde, askatasunaren adierazpide moduan agertzen zaigu istorioan, sexuaren bidez bere nortasuna azpimarratu nahi baitu.

Jon Ariza de Miguel Haizeari begira

Izena ez dakigun narratzaile batek kontatzen digu nola joan den irla batera anaiarekin egun batzuk oporretan pasatzera. Irlan dagoen bitartean hotelean pasatzen ditu egunak, atera gabe, leihotik begira. Beste leiho baten atzean emakume baten irudia hautematen du. Ez daki nor den, baina bizitza bat asmatzen dio eta irudimenezko bizitza horretan narratzaileak izan lezakeen parteaz ere elukubrazioak egiten ditu.

Ana Malagon Gelditu zaitezte

Narrazio liburu honetan agertzen diren istorioetan bizitza puskak aurkezten zaizkigu. Protagonistak ez dira heroi handiak, eguneroko bizitzan ari diren pertsona arruntak baizik, eta pertsona arruntak diren neurrian beraiei gertatzen zaizkien gauzek nahiko ohikoak dirudite. Gehienak helduaroan murgilduta daude, ia konturatu gabe, eta puntu horretan daudelarik ohartzen dira beraien bizitzak ez direla behinola irudikatu zituztenak bezalakoak.

Aritz Gorrotxategi Mujika Zer egingo dugu...

Aritz Gorrotxategik bederatzi narrazioren bilduma bat eskaintzen du. Narrazio gehienetan antzeko protagonistak aurkitzen ditugu: pertsonaia nagusiak, gaztaroa atzean utzita, helduaroan murgiltzen ari dira, eta aro honetan agertzen zaizkien arazoei aurre egin behar diete. Aldaketa puntu batean aurkitzen direlarik, batzuetan egoera berrira egokitzeko zailtasunak erakusten dituzte. Besteekiko harremanak istorioen oinarrizko osagaia dira.

Kattalin Miner Nola heldu naiz

Jezabelen bizitzak perfektua dirudi. Lanean goragoko postu bat eskaini diote. Herentzia bat jaso du. Etxea erostekotan dago. Pertsonaiak gure gizartean askotan arrakastari lotuta agertzen den bizitza daramala ematen du. Horrela agertzen zaigu nobela honetako protagonista eta topikoak hausten dituen emakumea dela erakutsi nahi du pertsonaia honek. Kanpora begira. Baina badakigu bizitza perfektu horrek ere baduela bere ifrentzua, ezkutuan geratu den alderdia.

Juanjo Olasagarre Poz aldrebesa

Nobela honen ardatz argumentala Asierrek (Axi, nobelan) eta Josebak osatzen duten bikotearen harremanean oinarrituta dago. Harreman hori 90eko hamarkadaren hasieratik bilakatzen ikusiko dugu, paraleloan antolatuta dauden bi hariri jarraituta. Alde batetik, 90eko urte haietatik abiatzen den haria kontatzen zaigu. Bigarren harian, bikotea hogei urte pasa eta gero aurkezten zaigu, haien ‘oraina’ azalduz. Eta erdigunean, homosexualitatea agertzen da.

Eider Rodriguez Bihotz handiegia

Rodriguezen literaturan eguneroko bizitzan ezkutatzen diren ezinegonak eta frustrazioak islatzen dira, eta hori egiten benetan idazle trebea dugu. Liburu honetan sei istorio agertzen zaizkigu, sei narrazio, non pertsonaiak frustrazioan amilduta ageri diren. Beraien neurriko mundu bat eraikitzen saiatzen dira beren inguruan, burbuila baten barruan isolaturik egongo balira bezala. Baina handik atera behar dutenean deserrotuta daudela nabarmentzen da.

Asier Osinalde Vidal Baina ez lukete

Liburu honetan idazleak hamabi narrazio bildu ditu. Edonola ere, liburuaren egitura orokorrari erreparatzen badiogu, berehala konturatuko gara narrazioen artean harremanak daudela. Pertsonaiak, adibidez, errepikatzen dira, eta istorio desberdinetan aurkezten diren egoerek nolabaiteko erlazioa erakusten dute. Haietan pertsonaiek inguruarekiko desegokitasuna erakusten dute, beraiena ez den mundu arrotz batean kateatuta geratu izan balira bezala.

Juan Luis Zabala Ospa

Zabala kultura-kazetari eta idazleak hogeita hiru kontakizun biltzen ditu. Narrazio hauetan agertzen diren pertsonaia nagusiek askotan ikusten dute nola bizitza beren inguruan gertatzen ari den. Besteek bizi izandakoaren lekuko dira, bizitza beraiei ez baizik-eta besteei gertatuko balitzaie bezala. Ihes egiterik ez dagoen orainaldi etsigarrian kokatuta, pertsonaiak aspaldian gertatutakoen oroitzapenekin konformatu behar dute.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos