http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gabon galduak

Ume batzuk, Gabonetako zuhaitz baten ondoan./P. Urresti
Ume batzuk, Gabonetako zuhaitz baten ondoan. / P. Urresti
ROBERTO MOSO

Senidez betetako gabon mahaia. Indioz eta bakeroz egindako jaiotza. Sky-saltoak zuri-beltzeko pantaian. Aitonarekin ospitaleko jaiotza erraldoia ikustera. Petardo, bonba kiratsak eta doministiku-hautsak amaigabeko oporraldietan. Loteria kantuak nonahi, auzokide guztien etxean: «veinticincomiiiiiiiil pesetaaaaaas». Txantxetako telefono deiak inuzenteen egunean: «arropa garbitzen duten tokia al da hori?... ba zer zikinak ezta?...

Nire izeko Julia korridore aurrera lasterka, Tom Jones 'el tigre' telebistan ikusi nahi duelako. Las muñecas de Famosa se dirigen al portal. «El Lobo, que gran Turrón». «Vuelve a casa Vuelve». Aitaren kantu ederra: «En el alto Pirineo soñé que la nieve ardía / Y por soñar imposibles soñé/ Que tu me querías». Ikastetxeko abesbatzan nire lehenengo kantua euskaraz: «Zeruko aingeruak/ estalpera datoz/ errukiz beterik, kantatzera gogoz».

Mari Carmen, lehengusina, zilar-paperezko izarrak nola egiten diren irakasten. «Sirvo con igual cuidado, al rico, al menesteroso, al portero y al criado. El cartero les felicita las pascuas». Amona Monicarekin ‘Un millón en la Basura’ pelikula ikusten. Karta partida kementsuak egunsenti arte . Soto mazapanak. ‘Royal Carlton’, aitaren hitzetan: «el único champán riojano». Kristoren maniobrak turroi gogorra ebakitzeko: trapu bat, aiztoa eta burdinezko plantxarekin joka. Oinekin margotutako marrazkien zorion-txartelak. Xanpai botila irekitzeko liturgia, goiko auzokideari deika. Auzoko lagunekin lehiak: ea zein oheratu den beranduago. Errege Magoei eskutitzak. Trizikloa. Tren elektrikoa. ‘Ricolor’ proiektorea. Pistola ‘siderala’. ‘Exin-Castillos’. ‘Exin-Baloncesto’. ‘Exkalektrik...’.

Hiru egun Bilboko osaba-izekoen etxean. Jose Mari, nire adineko lehengusua sherpa paregabea dut hiriburua ezagutzearren. Hiri handiaren argien eztanda. Koloreetako izarren turrusta hipnotikoa ‘El Corte Ingleseko’ fatxadan. Barre algarak eskailera mekanikoetan -zaindari batek irteera seinalatzen gaituen arte- . Erakustazokan P.I.N. mitikoa . Umeentzako jolas parke erraldoia. Amestutako paradisua gure eskura. Biok mesfidati begira gargantuari. Ezetz ahotik sartu. Ordu erdiko tartean gainerako ausarten aurpegiak arakatu eta gero, heldu da gure txanda. Panpinaren elikagai eta kaka bihurtzen gara bi segundutan. Ba daukat koadrilan harro kontatzekoa.

Gabon zaharreko kanpaikadak. Barre artean beti dago norbait oker dabilela, norbait azkarregi doala eta norbaitek ere estulka amaitzen duela, okerreko eztarritik joan zaiola eta.

Kabalgataren eguna. Anaia ohiuka balkoitik: «Una biciiii con timbre y con banderaaaaa». Desfiletik bueltan, beheko auzokidea, udaletxean lan egiten duena, Gaspar erregez jantzita dago atarian. Nire gurasoen azalpen urduriak: «gaurkoak ez dira benetakoak, ekialdekoak jo eta ke lanean ari direla eta». Egun batean, ia traizioz, Sor Angelesek esango du klaseko guztiontzat: «zazpi urte daukazue, ba da garaia egia jakiteko...zuek denok badakizuelako ezta?». Nik ez, eta ez naiz klaseko bakarra. Susmotan nengoen baina.... Gabonak inoiz ez dira berdin izango. Gabonak umeentzako dira. Dena amaitu da . Neure alabekin nolabait berreskuratu arte.

Idatzirik ikusitako lehenenetariko euskal hitzak: Zorionak eta Urte Berri On. Ba horixe bera opa dizuet, ume maitagarri zareten guztioi.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos