http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Gabon eske

Gabon eske
Bernardo Corral

Hasi dira denetariko iragarkiak euskarri guztietan. Gabonetara begirakoak dira, erosteko irrika esnaraztekoak

Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Hasi dira denetariko iragarkiak euskarri guztietan. Gabonetara begirakoak dira, erosteko irrika esnaraztekoak. Espiritu jakin batekin lotu guran datoz beti, gainera; sasoi honetako kontsumoak baloreren batzuekin zerikusia baleuka bezala. Dena da maitasuna, elkartasuna, senitarteko giro goxoa, dena irribarrea, argia eta itxaropena. Publizitateari ez dagokio errealitatearekin zerikusirik izatea, baina honakoetan bien arteko aldea inoizkorik handiena da.

Gabonei dariena urte osorako balitz, gaitzerdi. Baina berehala iraungitzen dira on antzeko horiek guztiak. Errege egunetik aurrera mundua bestelakoa da, ohiko miseria guztiak sendo bueltan direla. Izarapean ezkutatutakoak azaltzen dira berriz, norberekoikeria, lagun hurkoa aintzat ez hartzea, odol berekoekiko arduragabekeria eta halakoak.

Parentesia dira Gabonak gehienentzat, ezer izatekotan: itxurei eustekoa, aingerutar agertzekoa, ongile jardutekoa. Eta urte osokoaren segida bestelakoentzat, balore gizatiarren gordelari direnentzat. Mirari txikizkoak dira tamaina handikoak, egutegiari jaramon egin barik ereindakoek ahalbidetutakoak.

Kontsumoa, baina, ekonomiari hain beharrezkoak zaizkion bultzaden jatorri da. Herri guztietako argien distirak itsututakorik badago bazterretan, eros-ahalmena mugara eramaten duenik. Alde horretatik, krisiaren zauri sakonak sendatzen joatea ere bada miraria, gizartea trinkotzeko eta amildegi ertzean gorriak ikusitako askok hobera egiteko lagungarri den neurrian.

Ia ez da sektorerik salbatu 2008az geroztiko hondamenditik. Merkataritza funtsezkoa izan da beti kaleei bizitasuna emateko, klase ertaina gizendu eta jarduera ekonomikoa dinamizatzeko. Gabonetakoa du urteko sasoirik oparoenetakoa, balantzeen gorabeherak neurtzekoa, gainbeheren zein susperraldien zenbaterainokoa zehaztekoa. Zaplastekoa egundokoa izan zen; eta sendabidea geldoa da, ia amaigabea.

Badago zer uztartu Gabonetan, zeri heldu. Inguruko zein urrunagoko errealitate gordinenak aintzat hartu, horiekiko erantzun aleak norberekotu eta erlijio guztiena behar lukeen bidegurutzean finkatuta badago hurrengo asteoi zentzua ematerik. Erosketez eta berehalakoez gaindikoa, iraunkorra. Inor bazterrean utzi gabe aurrera jota baino ez du ekonomiak eduki sozial sakonik izango. Gabonek bezala.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos