http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Frisian egonaldia egiteko euskal idazleentzako deialdia ireki dute

Idazle bat, testu bat idazten. / R. Lafuente

'Beste Hitzak' erakundeak Herbehereetako probintzia horretan egonaldia egiteko deialdia gauzatu du

ELCORREO.COM

'Beste Hitzak' erakundeak Frisian (Herbehereak) egonaldia egiteko euskal idazleentzako deialdia gauzatu du. Euskal idazleek irailaren 11a arteko epea dute Frisiako Leewardenen zortzi asteko literatur sorkuntza egonaldirako eskaerak aurkeztu ahal izateko.

'Beste Hitzak-Other Words' ekimenak Europako hizkuntza txiki eta gutxituen arteko literatur trukeak sustatzen ditu (Irlanda, Mazedonia, Eslovenia, Frisia eta Euskal Herria dira sareko kideak) eta proiektuaren oinarri nagusia literatur sorkuntzarako egonaldiak dira. Hala, lehen egonaldia Ekaitz Goienetxeak egin zuen Eslovenian, 2016ko martxoa eta maiatza bitartean; bigarrena, Yoseba Peñak Irlandan, 2016ko udazkenean; eta hirugarrena Beatriz Chivitek Eslovenian, 2017ko udan.

Oraingoa, beraz, laugarren deialdia izango da. Aukeratutako idazleak literatur proiektu bat sortu beharko du egonaldian zehar. Horregatik, garatu nahi duen sorkuntza proiektua azaltzeko txosten bat prestatu beharko du, eta curriculum eguneratuarekin batera bidali.

Aurkeztu beharreko agiriei buruzko informazioa eta bete beharreko baldintzen inguruko xehetasunak deialdi ofizialean daude ikusgai, izen-emate fitxarekin batera. Sorkuntza egonaldia bera urriaren 23a eta abenduaren 18a bitartean egingo du idazleak.

Proiektuaren helburu nagusiak

Hizkuntza gutxitu eta txikietan idatzitako literatura ohiko mugez gaindi ezagutarazten laguntzea da 'Beste Hitzak-Other Words' ekimenaren helburua. Hizkuntza aniztasunaren balioa azpimarratzea, arreta berezia jarriz hizkuntza gutxitu eta txikietan eta itzulpenaren zereginean, hain zuzen ere.

Literatur sistemaren prozesu osoa ikusaraztea, eta bertako eragileen (idazle, itzultzaile, antolatzaile…) lana publiko zabalari ezagutaraztea bilatzen da ere bai.

Eta zer hautatuko da? Euskaraz idatzitako literatur proiektuak hautatuko dira, idazle bakarrak zortzi astetan sor dezakeen testuan gauzatuko direnak.

Deialdiaren baitan osatuko den testu horrek nolabaiteko unitatea izan beharko du, unitate hori beste proiektu zabalago baten parte izan arren (nobela baten kapitulu bat, narrazio bat...). Betiere, deialdi honetan ezartzen diren baldintzekin bateragarria izan beharko du.

Fotos

Vídeos