http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Frekuentziaz frekuentzia gure hizkuntza airean da

Kazetaritzako bigarren mailako ikasleak irrati maratoia burutu zuten./I. Moyano
Kazetaritzako bigarren mailako ikasleak irrati maratoia burutu zuten. / I. Moyano

EHUko ikasle eta medioetako profesionalek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko irrati maratoia antolatu zuten joan den ostiralean

IZASKUN MOYANO

Ostirala izan zen arren, ikasleek ez zuten hutsik egin unibertsitatera. Paperak eskuak zeramatzatela berehala sartu ziren EHUko Komunikazio Zientzien Fakultatean. Urduritasuna zen nagusi joan den ostiralean irrati estudioetan. Izan ere, askorentzat mikrofono aurrean lehendabiziko agerraldia izan zen. Norbere txanda heltzean eseri, kaskoak jarri eta aurrera. Erloju gorriak adierazten zuen denboraren mehatxupean bakoitzak bere gaia landu eta hurrengoari ematen zion paso.

Iaz laugarren mailako ikasleak borondatez antolatutako ekimena, aurten ikasgelako praktika bezala burutu dute. Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Kazetaritzako bigarren mailako ikasleak irrati maratoia burutu zuten. Baina estudioan ez zeuden bakarrik. Ikasle adituenak teknikari lanetan aritu ziren, hirugarren mailakoak sare sozialak kudeatzez arduratu ziren, eta parte hartzaile bereziak gonbidatu zituzten.

Egungo teknologia berriei esker, saioa youtuben zuzenean jarraitzeko linka zabaldu eta fakultatearen kanpoaldean bozgorailu parea jarri zituzten irratsaioa Mikel Laboa plazan zeuden ikasle eta irakasleentzat entzungai egon zedin. Bertan batu zirenak 'Aske maitte, aske bizi', 'Euskararen txantxangorria' edota 'Aldapan gora' bezalako abestiak gogor kantatzen eta dantzatzen ari ziren hotzari aurre egiteko. Kantak saio batetik besterako aurkezle aldaketa burutzean bolumen oso altuan entzuten zituzten.

Gogoak bero, baina eguraldia ero. Errepide askotan elurra zen nagusi, beraz hauetariko asko itxi egin behar izan zituzten. Ondorioz, urrunetik etortzekoak ziren gonbidatu bat edo beste ez ziren heldu. Zorionez, telefono bidez sartu eta zuzenean burutu ahal izan zituzten elkarrizketak. Hala ere, denboran atzera eginda unibertsitatean bertan egoteko abagunea izan dute. Ana Ramos, EiTB kiroletako aurkezlea, eta Ane Urkiri, Gara egunkariko kazetaria «beraien etxea» izandakora itzuli ziren, emakumeak medioetan zuen garrantziari buruz hitz egitera.

Oro har, hainbat gai landu zituzten. Adibidez, Anne Garay, Izaro Insausti eta Etxahun Gonzalezek ikasketak burutu ostean dauden aukerei buruz mintzatu ziren. Han, masterra burutzeko beharra eta lana aurkitzeko zailtasunak aipatu zituzten arren ogibidearen alde positiboak aipatu zituzten. Horrez gain, Uxue Alberdi bertsolariak idazle gisa izandako esperientzia kontatu zuen. Bestalde, ikerlari lanetan dabiltzan Maialen Goirizelaia eta Ander Agirregabiriak ere mikrofono aurrean aritu ziren. Guztira, 50 ikasle, ikasleohi eta profesionalek euskararen aldeko koxka txikia burutu zuten irratsaioan.

Ekimen honek unibertsitatea eta ikasleen artean euskararen erabilera sustatzeko helburua bete du, kurtso ezberdinen ikasten ari direnen elkarlana bultzatuz eta euskal kazetaritzaren lana argitara emanez.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos