http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Frantziako musikari eskainitako Arriagako Zikloa bueltan da

Miren Urbieta-Vega sopranoa./E. C.
Miren Urbieta-Vega sopranoa. / E. C.

XIX eta XX. mendeetako artista eta estiloak entzun ahalko dira astelehenean, Miren Urbieta-Vega sopranoa, Ainhoa Zubillaga mezzo-sopranoa eta Rubén Fdez. Aguirre piano-jotzailearen eskutik

AMALIA IBARGUTXI

Bueltan da Frantziako musikari eskainitako Arriagako Zikloa. Aukeratutako data datorren astelehena da, arratsaldeko 20.00etan. Miren Urbieta-Vega sopranoak, Ainhoa Zubillaga mezzo-sopranoak eta Rubén Fdez. Aguirre pianojoleak jarriko dituzte notak Arriaga antzokiko oholtzara.

Errezitaldia 'Ziklo Frantsesa' osatzen duten lauetatik hirugarrena izango da. XIX eta XX. mendeetako artista eta estiloei eskainia,  Camille Saint- Saëns, Ernest Chausson eta Gabriel Fauré konpositoreen lanei erreparatuko zaie, beraien lan «fin eta ezohikoetan» arreta jartzeko asmoz, antolakuntzak jakinarazi duenez.

Camille Saint-Saëns (1835-1924) Gounod-en ikasle izan zen. Bi ahotsetan abesteko kantuak konposatu zituen. Bat gaztelaniaz, 'El Desdichado', Pauline Viardon abeslari eta konpositore ezagunaren alabei zuzendutakoa.

Ernest Chausson (1855-1899), bestalde, Wagner musikariarekin liluraturik bizi izan zen eta bere heriotzaren ondoren, oraindik ere, ezagunak dira naturan inspirazioa hartuta sortu zituen melodiak. Azkenik, Gabriel Fauré (1845-1924), artista erromantizisten eta modernisten doinuen oinordekoaren txanda izango da.

Zikloa joan den otsailaren 12an hasi zen, Ainhoa Zuazua sopranoak eta Rubén Fdez. Aguirre pianojoleak eman zuten errezitaldiarekin. Orduan, errezitatzaile gisa aritu zen Olatz Ganboa antzezlea. Zikloari orain ekingo zaio berriro, hain zuzen ere, Miren Urbietaren, Ainhoa Zubillagaren eta Rubén Fdez. Aguirreren emanaldiarekin, Saint-Saënsen, Chaussonen eta Fauréren lanak eskainiz.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos