http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'The Folk Faces' erakusketa inauguratu dute Metro Bilbaon

'The Folk Faces' erakusketa inauguratu dute Metro Bilbaon
Metro Bilbao

Asier Bastida argazkilariak atera ditu 15 tauletan banatutako 28 irudiak

ELCORREO.COM

Metro Bilbaoren Portugalete, Zazpikaleak eta Abando geltokietako sarbideak Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren irudiz apaindu dira 'The Folk Faces' erakusketarekin. Jaialdiaren 2015eko edizioan parte hartu zuten dantza eta musikari profesionalen argazkiak ikusgai izango dira zenbait astez. Aurten 43. edizioa du Portugateleko jaialdiak uztailaren 17tik 20ra, Elai Alai elkarteak antolatuta.

Erakusketa Portugaleteko metro geltokian inauguratu dute aste honetan, Carlos VII ahoan, Portugaleteko alkate Mikel Torres, jaialdiaren zuzendari Imanol Sarria, argazkien egile Aitor Bastida eta Metro Bilbaoko Marketin eta Komunikazio Buru Susana Palomino bertan zirela.

Geltoki horietatik egunero igarotzen diren milaka pertsonek «argazkiaren arteaz gozatzeko aukera izango dute, folklorea gure nortasunaren parte gisa aldarrikatu eta transmititzeko lan egiten dutenen aitortza den aldi berean».

Asier Bastida argazkilariak atera ditu 15 tauletan banatutako 28 irudiak. Oraingoan, erakusketan 2015eko edizioan parte hartu zuten Kuba, Serbia, Senegal, Zeelanda Berria eta Indonesiako taldeetako dantzari eta musikari profesionalen erretratuak jarri ditu.

Erakusketak bi bloke ditu. Lehena Portugaleteko geltokian dago, Carlos VII kaleko ahoan, uztailaren 10etik abuztuaren 18ra arte, zazpi taula eta 13 irudirekin; bigarren blokean zortzi taula eta 15 erretratu daude, Zazpikaleak geltokian, uztailaren 10etik 31ra, eta handik Abando geltokira eramango da abuztuaren 1etik 18ra arte. Argazki taulez gain, Portugaleteko geltokirako Carlos VII sarbideko harrizko eskaileretan erretratuetako baten binilo ikusgarri bat ere ipini da.

Metro Bilbao 2009an hasi zen Portugalete hiribilduko kultura jarduerarik garrantzitsuenetako bati laguntzen. 2011, 2014, 2015eko edizioetan ere jardun zuten elkarlanean aurreko urteetako edizioetan hartutako argazkien erakusketak egiten. Gaur arte 30 herrialdetako jendea igaro da Asier Bastida leioaztarraren estudiotik. «Erakusketa honek aurrekoen diseinua mantentzen du, proiektuaren jarraipen sentsazioa transmititzeko gogo argiaz», adierazi du argazkilariak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos