http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Feminismoa izenburutan

Pertsona askok ez dute oraindik ikasi matxismoak gizonen gailentasuna duela iturburu, eta feminismoak berdintasuna aldarrikatzen duela, eskubide berdintasuna

Feminismoa izenburutan
ARANTXA URRETABIZKAIA

Nik ezagutu ditut feminismoa katakonbetan bizi zeneko garaiak. Garai urrunak askorentzat, baina bizirik daudenak nire gogoan. Agian horrek baldintzatzen du gaur feminismoari, feminismoei, eskaintzen diedan begirada. Dudarik gabe, begirada kutsatua.

Leize zuloetako iluntasunetik lehen planora, egunerokotasunaren argira, lehen orrietako izenburuetara eta azken bultzada gutxien espero zitekeen puntutik etorri da, Hollywoodetik. Eta halere, emakume askok ez du oraindik ulertu zer den feminismoa.

Entzuten dira, oraindik «ni ez naiz feminista ez matxista» dioten ahotsak, askotan emakume baten ahotik. Ez dute ikasi matxismoak gizonen gailentasuna duela iturburu, eta feminismoak berdintasuna aldarrikatzen duela, eskubide berdintasuna. Era berean, bizitzaren atal batean nahiz bestean, emakume eta gizonen eskubide berdintasuna defenditzen duen emakume batek baino gehiagok esango du ez dela feminista.

Hamaika feminista ezagutzen dut nik beraien burua feministatzat hartzen ez dutenak, hitza handiegia iruditzen zaielako edo oraindik ere hamarralditan feminismoak jasan duen kanpaina difamatzaileak kutsatuak. Gainera, duela gutxi feminismoaren barruan sortutako aldarri ugari alderdi politikoetara heldu dira, ‘guztionak’ bilakatu dira eta horrek nahastea sortu du feminismoaren baitan.

Nahasmen horrek azalerarazi ditu feminismoaren barruko eztabaida batzuk. Zoritxarrez, entzun eta irakurri ditugu feminista batzuk beste feminista batzuen kontra, modu garratzean. Zu ez zara 'benetako' feminista. Alderdikoikeria puntu guztietara heltzen delako, erlijioetara, politikara, feminismora.

Eta, halere, agian feminismoaren hirugarren olatuaren aurrean gaude. Lehena sufragistena izan zen, bigarrena joan den mendeko hirurogeita zortziaren inguruan sortua. Ez dakigu, oraindik, gaurko apar hau olatu izatera helduko den, baina hirugarren olatua altxatuko da noizbait. Altxarazi beharko dugu berdintasunaren alde gauden guztion artean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos