http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Felix M. Goñi EHUko ikertzailea saritu du Argentinako Gobernuak

Irakasleak sei liburu eta 305 artikulu argitaratu ditu, eta hainbat hitzaldi eman ditu nazioarteko bilkuretan eta mundu osoko unibertsitateetan

ELCORREO.COM

Felix M. Goñi Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak L.F. Leloir Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Nazioarteko lankidetza saria jaso du. Argentinako Gobernuko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Produktiboaren Ministerioaren eskutik jaso duen saria Goñik, EHUk jakinarazi duenez.

Gainera, Espainiako Medikuntzako Errege Akademia Nazionalak kide urgazle izendatuko du 2018ko hasieran, eta Espainiak Japonian duen enbaxadak abenduaren hasieran espainiar zientzialariak protagonista izango dituen zientziari buruzko hitzaldietan lehen hizlari izatera gonbidatu du Goñi.

Felix M. Goñi katedradunak (Donostia, 1951) Nafarroako Unibertsitatean egin zituen doktore ikasketak, eta Medikuntza eta Kirurgian doktorea da 1975etik. Londresko Unibertsitatean (Royal Free Hospital) egin zituen doktore ondoko ikasketak. 1978an EHUn sartu zen. Zientzia eta Teknologia Fakultatean gerora Biomintzen Taldea izango zena garatzen hasi zen, eta 1999an, Biofisikako Unitatea. Bere taldea Eusko Jaurlaritzako eta EHUko errendimendu handiko taldeetako bat da, eta ikerketa lanaren oinarria zelula mintzetako interakzio molekularrak dira.

Goñi Biofisika Unitateko zuzendaria izan zen 14 urtetan (2001-2015), Espainiako Farmaziako Errege Akademia Nazionaleko akademiko urgazlea da 2015etik eta Espainiako Biokimika eta Biologia Molekularreko Elkarteko presidentea 2016tik.

Argitalpenak

Felix M. Goñik sei liburu eta 305 artikulu argitaratu ditu, eta hainbat hitzaldi eman ditu nazioarteko bilkuretan eta mundu osoko unibertsitateetan. Hiru patenteren egilekidea da eta 16 doktore tesiren zuzendaria izan da.

'Journal of Liposome Research', 'Chemistry and Physics of Lipids' eta 'Journal of Chemical Biology' aldizkarietako argitaratze batzordeetako kidea da. Horrez gain, 'Revista de Derecho y Genoma Humano' aldizkariko erredakzio batzordeko kidea da eta nazioarteko hainbat biltzarretako zientzia batzordeetan parte hartu du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos