http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Faemino y Cansado Araiako 25. Umorezko Antzerki Jaialdian izango dira

Faemino y Cansado Araiako 25. Umorezko Antzerki Jaialdian izango dira

Bikoteak Araia-Asparrenen egingo du bere ikuskizun berria, ¡Quien tuvo retuvo!

ELCORREO.COM

Araia-Asparreneko Umorezko Antzerki Jaialdiak iragarri du Faemino y Cansado bikoteak parte hartuko duela 25. edizioan, '¡Quien tuvo retuvo!' izenburuko ikuskizunarekin. Arabako antzerki jaialdia abuztuaren 11tiK 15era ospatuko da aurten, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Angel Javier Pozuelo Gómez (Javier Cansado) eta Juan Carlos Arroyo Urbina (Carlos Faemino) 1980ko hamarkadaren hasieran elkartu ziren, eta Madrilgo Retiro parkea izan zen haien lehenengo oholtza. Los del mono rojo, Tato y Kiko edo Los Hermanos Benítez izan ziren bikotearen ezizen batzuk lau urtetan zehar Madrilgo erdialdeko gune horretan estiloa sendotu zuten bitartean. Gero tabernek eskaintzen zizkieten taulak heldu ziren, eta, azkenik, antzokiak.

Orduko telebistako programa mitikoetan ezagun egin ziren, tartean 'Un, dos, tres' edota 'Cajon desastre' saioetan, baina La2 katean eman zen 'El orgullo del tercer mundo' saioak berehala famatu egin zituen. Antzokien moduan, zuzenean eta publiko aurrean grabatutako saioa zen, eta bikotearen umorea zabaldu zuen. Ikusle kopuru ikaragarria ez izan arren, saioaren bidez jarraitzaile sutsuen multzoa sortu zen.

Telebistan agertzen jarraitu zuten, 'Cronicas marcianas' saioan esate baterako, baina antzokietan, publikoaren aurrean, lanaren mamia aurkitu zuten. 'Siempre perdiendo', 'Son dos' edo 'Parecido no es lo mismo' ikuskizunekin Estatuko oholtza guztietan egon dira, aldez aurretik buru belarri landutako baina, itxuraz, beti improbisatutako estiloa hobetuz. Surrealismoa, hitz jokoak eta zentzu bikoitzak gordetzen dituen hizketak bikotearen umorearen lehengai batzuk baino ez dira.

Jaialdiko sarrerak uztailaren amaieran jarriko dira salgai, egitarau osoa zein daten aurkezpen ofizialarekin batera. Porpol antzerki konpaniak zuzentzen du jaialdian, eta Asparreneko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak babesten dute, enpresa pribatu batzuekin batera.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos