http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ezer ez

Harizpetik

Gürtel auziaren lehen etapa argitze aldera epailearenean agertutakoan, Mariano Rajoyk ezjakinarena egin zuen behin eta berriz. Bere testigantza ez zen, baina, batere sinesgarria izan; eta Gobernuko presidente bati legokiokeen irudiari sekulako kaltea egin zion, atzera

Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Lekuko modura egin zitzaion galdeketa, eta auzitegiko buruak bere alde egin zuen sarritan. Abokatuek egindako hamalau galderari eman beharreko erantzunak eragotzita, esaterako. Ángel Hurtado epailearen ustez egoki ez zirelako, auzian epaitzen ez direnak aipatzen zituztelako edo, besterik gabe, balorazio iturritzat jo zitezkeelako. Babes hori ez zen galdeketara mugatu, sarrera-irteeran edo-ta eszenografian ere nabarmendu baitzen. Horri guztiari eta PPren gora-behera ekonomikoen inguruko Rajoyren ustezko jakinezari esker, politikoki arriskuz betetakoa zen agerraldia halamoduz gainditu zuen.

Fikzio antzekoan ari da Espainiako Gobernuko burua, bitan banatze eskizofrenikoaren mugan. Justiziaren independentzia sutsu aldarrikatzen du baina, aldi berean, hainbat kasutan horren erabakiak era askotan baldintzatzen saiatzen da. Auzi honetan laguntzeko prest agertu da publikoki, nahiz eta bere esku zegoen guztia egin duen auzitegira joan behar ez izateko. Ustelkeria deitoratzen ei du, eta ezer ez dakiela dio bere alderdian hain zabaldua egon den gaitz horretaz. Esaten eta egiten duenaren arteko aldea ikaragarria da, sinesgarri ez izateko bestekoa.

Nola da posible PP barruko gorengo agintaritzan horrenbeste denbora daramanak Gürtel bezalako gaizkile sare baten inguruan txintik ez jakitea? Berea ardura politikoa dela azpimarratu du Rajoyk, eta ez ekonomikoa. Baina ez zaio galdetu kontabilitateari buruzko huskeriez, diru beltzezko gainsoldatez, jatorri iluneko opariez, alderdia finantzatzeko legez kanpoko moldeez eta antzeko kontu potoloez baizik. Logika ororen aurkakoa ematen du horien berri zuzen zein zeharkakoa ez izana, eta guztiaren ardura bakarra zahartzaroko dementziak jota dagoen Álvaro Lapuerta diruzain ohiari leporatzea. Ezin aldrebesago eta bitxiagoak izan dira aurrekoaren ordezko Luis Bárcenas-i, honen arazo judizialak hasterakoan, sakelako telefono bidez bidali zizkion babes mezuen inguruan PPko presidenteak emandako azalpenak. Horrelakoxea baita Rajoy, estu dagoenean nahasmendua bikain baliatzen dakien buruzagia. Askotan, inolako zentzurik gabeko esaldi zein baieztapen eta guzti.

APn lehenik eta PPn 1989ko birsortze prozesutik aurrera izandako aldaketa sakonenetan ere, egungo buruzagi gorenak beti eutsi dio bizirik hainbat aurkari bazterrean utzita. Ezin hobeto ezagutzen ditu, beraz, alderdiaren zirrikitu guztiak, baita ekonomikoak ere. Hori ukatzea herritargoari adarra jotzea da, areago epailearen aurrean egiten duenean. Orain garbitasunaren ikur modura agertu nahi izatea ez da bateragarria luzaroko jokamolde eta konplizitate askorekin, goi-mailako hainbat ardurak eta hitzez gaindiko egitateek islatzen dutenarekin. Iruzur politikoa oso nabarmena da alde horretatik, eta baita boterean jarraitzeko bere gogoari atxikitako arduragabekeria ere. Espainiaren irudiaz mintzo da, eta egonkortasunaz eta halakoez; baina uko egiten dio bere alderdian eta Gobernuan aro berri bat ahalbidetzeari, nahiz eta jakin badakien berak goraipatzen dituen balore politiko eta etikoei kalte itzela egiten dizkietela jardunean egonda epaitegian agertu behar izateak edo-ta bere inguruan hain zabalduta dauden susmoek. Legealdian bidelagun duen Ciudadanos-ek ere hala uste zuen duela urtebete baino gutxiago.

Aurreko asteazkeneko bere agerraldiak aspalditxo izandako jokabidearen txarrena jaso zuen. Azaleratzen joan den neurrian ustelkeriaren aurrean Rajoyk berak, eta PPk orohar, ukazioa baliatu dute tresna nagusi modura, eta salbatu ezin zituztenen aurkako erasoa. Hala jazo zen Bárcenas-ekin ere. Mezu famatuek adierazi legez hasieran honen alde egin zuten; ostean, ingurukoak zipriztintzeari ekin zionean, gaizkile usteltzat jotzeko. Orain, azkenik, elkarri kalte ez egiteko akordio antzekoren bat lortu dutela ematen du, eta horretan ari dira.

Ezinezkoa izango da Espainiako botere goi mailan ustelkeriaren mamuak guztiz uxatzea Rajoyk agintean jarraitzen duen bitartean. Oso agerikoa delako bere azpildura, salbatu guran baliatzen duen joko bikoitza. Justizia herritar guztientzat bat dela nabarmendu da hainbeste aldiz, gezurra izan dadin ezkutuan saiatu arren. Hala gertatu zen Errege Etxea bete-betean astindu zuen Nóos auziarekin, eta hala jazotzen ari da aginte maila nagusia kutsatzen duen beste edozeinekin. Epaileen lana baldintzatzeko saiakerak oso agerikoak izan dira behin baino gehiagotan, nahiz eta ohikoan horienganako eta Justiziaren independentziarekiko begirunea nabarmendu.

Horrelakoek, jakina, erakundeen funtzionamenduari eta hainbat politikariren jardunari begirako herritarren eszeptizismoa areagotu dute azken urteotan. Hainbatetan aipatzen da populismoaren indarra, gaitz modura. Ba, hain justu, honelakoei estu lotuta dator oparoaldi hori. Botere banaketaren inguruko zalantzak indartu dituztenek, ustelkeria eta iruzurra modu batera edo bestera indarrean jarri, babestu edo neurriren batean, zuzenean edo zeharka, ontzat emandakoek lehen mailako ardura dute horretan. Eta orain nekez izan daitezke fidagarri eta eraginkor leihoak zabaldu eta giroa arnasgarri egiteko. Kasuan kasu egon litezkeen ardura penalez gain, badagoelako ardura politiko bat, kudeatzailearen ezinbesteko izen ona guztiz zikintzen duen halako zama bat.

Duela urtebete, ardura horren eraginez Rajoyren beste gobernu bat eragozteko aukera izan zuten PSOEk, Podemos-ek eta Ciudadanos-ek. Eta, gerora, batzorde kudeatzailearen menpeko talde parlamentario sozialistak eta Albert Riveraren alderdiak izan zuten modurik presidentetzarako PPren beste hautagairen bat derrigortzeko. Baina ez zuten egin. Eta hor dirau Rajoyk. Ez erakundeen, ez politikaren, ez nazioarte mailako irudiaren mesedetan.

Fotos

Vídeos