http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Eusko Jaurlaritzak Free-To-Play bideo-jokoen munduko lehenengo campus azeleratzailea jarri du abian Gasteizen

Artium izango da, besteak beste, Amazon, Google edo Euskaltel partner izango dituen campusaren egoitza ofiziala

I.AGOTE

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Arabako foru diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek aurkeztu dute gaur Arabako hiriburuan Free-to-Play (F2P) bideo-jokoen munduko lehenengo campus-azeleratzailea. Ekimena Kultura eta Sormen Industriei (KSI) lotuta dago, Eusko Jaurlaritzak sustatu du Euskadin bideo-jokoen sektoreko enpresak biltzen dituen Basquegame elkartearen bidez eta Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntza du. Helburua da 2016an 116.000 milioi eurotik gora fakturatu zituen sektore bateko nazioarteko proiekturik onenak Gasteizera erakartzea. Berez, sektore honek une hauetan guztiz hartzen du bideo-kojoen merkatua, gehien saldutako 200 bideo-jokoetatik 197k ezaugarri horiek dituzte, eta horien artean benetako “best seller” batzuk daude, esate baterako Candy Crush Saga, 100 milioi jokalari baino gehiago dituena eta egunean 5 milioi fakturatzen dituena.

F2P Campus Vitoria-Gasteiz aurtengo uztailetik urrira bitartean egingo da, egoitza nagusia Artium, Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoa, izango du eta bertan gehienez 3 kide izango dituzten 6 taldek garatuko dituzte euren proiektuak. Parte-hartzaile horiek www.f2pcampus.com webaren bidez jasotako hautagai guztien artetik aukeratuko dira. Web hori jada abian dago era horretako bideo-jokoak bakarrik bilduko dituen lehenengo campus-azeleratzaile horretan parte hartzeko baldintzak kontsultatu nahi dituzten guztientzat. Ekimena sektoreko nazioarteko bi adituk zuzenduko dute: Jon Beltrán de Heredia arabarrak, mundu osoan ezaguna den Commandos bideo-jokoan parte hartu duenak, eta Raúl Herrerok. F2P Campus Vitoria-Gasteiz ekimenak, bi zuzendari horiez gainera, Estatuko eta nazioarteko beste hamar bat mentore izango ditu, eta ezagunenak Joony Koo korearra, sektoreko bide-urratzaileetako bat, Amir Rajan eta Andrés Tallos dira. Gainera, Amazon, Google eta Euskaltel partner ezagunak ere sartu ditu jada.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak campus-azeleratzaile berri honi buruz esan duenez, “ekimen estrategikoa da Euskadirako, Arabarako eta Gasteizerako, eta hazten ari den sektore kultural digital batera talentua, jarduera eta negozioa erakartzea du helburu”. “Oinarri bat eraiki nahi dugu jarduera ekonomiko jarraitu batekin lurraldean inpaktu bat sortzeko. Ezin dugu ahaztu sektore hau beste Kultura eta Sormen Industria batzuk mugiarazten dituen eragilea dela, besteak beste, marrazkigileena, animatzaileena, diseinatzaileena, gidoilariena, musikariena, itzultzaileena, eta abar”, esan du. Free-to-play bideo-jokoen segmentua (erabiltzaileentzat doan direnena) ez da halabeharrez aukeratu, merkatuko segmenturik garrantzitsuena baita: urtean % 20tik gorako hazkundea du formatu mugikorrean, eta gehien saltzen diren app-en % 75 era honetako bideo-jokoak dira.

Sailburuak F2P Campus Vitoria-Gasteiz ekimenaren nazioarteko ikuspegia ere azpimarratu du, free-to-play ekitaldi eta azeleratzaile bakarra baita: “Aukera bikaina dugu merkatuan orain arte egon ez den hutsune bat betetzeko, eta garrantzizkoak izango dira bi zuzendariek sektorean duten esperientzia eta parte-hartzaileei bere proiektua garatzen laguntzeko ekimenean parte hartuko duten mentore guztien kalitatea”. Zupiriak, azkenik, nabarmendu du euskal erakundeak Kultura eta Sormen Industrien alde egiten ari diren apustua.

Arabako foru diputatu nagusiak, Ramiro Gonzálezek, bestalde, F2P Campus Vitoria-Gasteiz ekimena lurraldean egiteak lurraldearentzat duen garrantzia azpimarratu du, “zalantza izpirik gabe etengabe hazten ari den sektore bateko talentuekin harremanetan jartzeko aukera emango digu, eta aberastasun eta enplegu iturri izan daiteke Arabarako. Orain arte Arabako ekintzaileek jo izan dute nazioarteko azeleratzaileetara euren proiektuak garatzera. Orain, berriz, geuk erakarriko dugu talentua gure lurraldera eta etorkizun oparoa duen sormen-industria batekin sinergiak sortuko ditugu”. González oso pozik agertu da egoitza nagusia Artium izango delako. “Museoan gune bat utzi dute, eta egokitzen ari dira, taldeek sormen-giroan lan egin dezaten hiriaren erdigunean eta arteaz inguratuta. Kokapena, zalantzarik gabe, talderik eta proiekturik onenak erakartzeko beste elementu bat izango da”, azpimarratu du.

Azkenik, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek esan du ziur dagoela F2P Campus Vitoria-Gasteiz ekimenak nazioarteko proiekzioa emango diola hiriari. “Ziur gaude campusa abian egongo den 3 hilabete hauetan bertan parte hartzen duten taldeak nahiz gurera etortzen diren mentoreak Gasteiz hiriaren mandatari bihurtuko direla. Hirian biziko dira eta hirian lan egingo dute, baina hiriaz gozatu ere egingo dute”. Bestalde, Urtaranek nabarmendu du sormenaren aldetik Gasteizen dagoen oinarriaren garrantzia, Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskola bezalako proiektuei esker. Alkatearen iritziz, inportantea litzateke elkarlana sustatzea kultura industrien tokiko ekosistemaren eta F2P Campusean arituko diren talde parte-hartzaileen artean. “Elkarrekintza hori giltzarri izango da talentua gurean gera dadin, kanpotik ere talentura erakartzeko eta gure hiria arlo horretan posizionatzeko”, azaldu du.

Onenak aurkitzeko 2 hilabete

Gaur zabaldu da free-to-play bideo-jokoen sektorean proiektu bat duten pertsonek lehenengo F2P Campus Vitoria-Gasteiz ekimenean aukeratutako taldeetako bat izan ahal izateko izena emateko epea. Eskaera aurkezteko epea maiatzaren 15ean amaituko da. Hautaketa-batzorde batek aztertuko ditu aurkezten diren eskaerak, eta ekainaren 15ean emango du aukeratutakoen izena. Handik hilabete batera emango zaio hasiera campus-azeleratzaileari, eta urriaren erdialdera amaituko da Demo Day batekin (azken ekitaldi horretan parte-hartzaileek euren proiektuen aurrerapena aurkeztuko dute).

Campusaren antolatzaileek lan handia egingo dute proiekturik onenak erakartzeko, eta ekimenaren berri, beraz, mundu osoko foro eta hedabide espezializatuetan emango dute. Ekimena martxoaren 16an, ostiralean, aurkeztuko zaie sektoreko euskal industriari eta ekintzaile izan daitezkeenei “Free to play, aurkitu nola sortzen den negozioa musu-truk diren bideo-jokoetan” izenburupean Arabako Parke Teknologikoan egingo den jardunaldian. Izena doan eman ahal izango da Euskadi Innova webaren bidez.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos