http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Euskera is in the Air' kanpainia martxan da

Kanpainia atzo aurkeztu zen./E. C.
Kanpainia atzo aurkeztu zen. / E. C.

Helbururik behinena euskara pertsona guztien eguneroko tresna bihurtzea da

ELCORREO.COM

Bilboko Udalak eta hiriko euskaltegien sareak kanpaina jarri dute martxan herritarrak euskara ikastera eta hitz egitera animatzeko, 'Euskera is in the Air - Vive Bilbao en euskera' goiburuarekin. Helburua da 2017-2018 ikasturteko euskara ikastaroetan izena ematera bultzatzea. Matrikulatzeko epea hilaren amaierara arte zabalik egongo da.

Horrela, atzo hasi eta irailaren amaierara arte, kanpaina koloretsua ikusiko da hiriko kaleetan 'Euskera is in the Air - Vive Bilbao en euskera' goiburupean. Helbururik behinena euskara pertsona guztien eguneroko tresna bihurtzea da, udaleko zein euskaltegietako arduradunek azaldu dutenez.

Kanpainaren goiburua zenbait euskarritan ikusi ahal izango da; zehazki, hiri osoan zehar ibiliko diren bost Bilbobus unitatetan, 24 publizitate zutabetan, udalaren bost erlojutan eta irratiko iragarkietan izango da ikusgai.

Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak eta euskaltegien sareak elkarrekin egin dute deia hizkuntzaren normalizazioa lortzeko eta erabilera suspertzeko. Kanpainaren bidez lortu nahi dute jendeak euskaraz egunero hitz egin dezala, «eta horretarako aurreneko urratsa Bilbon dauden 17 euskaltegietako batera joatea eta urriaren 1ean hasiko den ikasturterako matrikulatzea da», adierazi dute.

Izan ere, euskaltegietan euskararen ikaskuntza, erabilera eta normalizazioa sustatzeko tresnak daude, eta aurten ere mota guztietako ikastaroak antolatu dira, moduan, epean zein metodologian ikaslearen ezaugarrietara taxutuak.

«Euskararen normalizazioan egundoko garrantzia izan dute euskaltegiek Bilbon, sare zabala eta oso bizia osatzen dute eta. Horregatik, Bilboko Udalak herritarrei euskaldun izateko eskaintzen dien zubia egiten jarraitzen du, laguntza emanda euskara ikasi gura dutenei», adierazi du Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza zinegotzi ordezkariak.

Diru laguntzak

Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak 164.900 euro erabiliko ditu diru laguntzak emateko gurasoei eta aisialdiko monitoreei, bi kolektibo horiek «berebiziko rola dutelako umeen eta gazteen hizkuntzarekiko jarreran». Bilboko ume eta gaztetxo gehienak ikasketak euskaraz egin arren, giro erdaldunean bizi dira, gehienbat euren gurasoek ez zutelako euskara ikasteko aukerarik izan.

Honelako laguntzekin euskara ohiko tresna bilakatu nahi da etxekoen arteko harremanetan. Kolektibo bi horiek ez eze, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenek ere laguntzak eskura ditzakete. Diru laguntzok 2018ko udan banatuko dira, behin 2017-2018 ikasturtea bukatuta, ordaindutako matrikularen zati bat itzuliz.

Bilbon 17 euskaltegi daude, hiriko zortzi barrutietatik zazpitan. Horrek esan nahi du ia barruti guztiek dutela euren euskaltegia. 2016-2017 ikasturtean, 8.000tik gora ikaslek eman zuten izena.

Fotos

Vídeos