http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskarazko publizitateak saria jasoko du

Iazko saridun batzuk./Tokikom
Iazko saridun batzuk. / Tokikom

Tokikom, Toki Komunikabideen Bateraguneak, bere sarien bigarren edizioa antolatu du eta aurtengo berrikuntza nagusia da euskarazko publizitate kanpainarik onena ere sarituko dela

ELCORREO.COM

Tokikom, Toki Komunikabideen Bateraguneak, bere sarien bigarren edizioa antolatu du, euskarazko komunikazioaren balioa aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz. Aurtengo berrikuntza nagusia da euskarazko publizitate kanpainarik onena ere sarituko dela, Tokikomeko arduradunek iragarri dutenez.

Antolatzaileen esanetan, toki komunikabideek ekarpen handia egiten diote haien gertuko komunitateari, ikuspuntu informatibotik zein komunitatearen dinamizazioaren ikuspegitik, baina, hala ere, bigarren mailakotzat jotzen dira sarritan, eta ekoizten duten edukia oso ezezaguna da haien eragin esparrutik kanpo.

Dinamika hori aldatu eta komunikabide txikion ekarpena azpimarratu eta gizarteratzeko asmoz, Tokikomek bere sariak eman zituen 2016ko azaroan, Arrasaten antolatu zituen jardunaldien baitan. Guztira, 114 lan aurkeztu ziren lehiaketara, eta irabazleek oso argi utzi zuten bitarteko gutxirekin ere kazetaritza lan ederrak egin daitezkeela.

Ideiak harrera bikaina izan zuenez, aurten errepikatzeaz gain, Toki Komunikabideen Bateraguneak lehiaketa osatzea ere erabaki du. Hala, euskarazko edozein toki komunikabidetan azken urtean argitaratutako lanak ez ezik, euskarazko edozein hedabidetan argitaratutako euskara hutsezko publizitate kanpainarik onena ere sarituko du. Sari hauen bidez, komunikabideotan egiten den lana ezagutarazi eta hizpide bihurtu nahi da.

Elkarteko arduradunek azaldu dutenez, publizitate sariak «euskarak berak zein euskarazko komunikabide sareak publizitate euskarri gisa duten balioa aldarrikatu nahi du, publizitatearen munduko eragileak gugana hurbildu eta elkar ezagutzeko aitzakia emateaz bat».

Lanak irailaren 22ra arte aurkeztu daitezke

Beraz, lau sari banatuko dira. Haietako hiru azken urtebetean toki komunikabideetan argitaratutako lanen artean: portadarik onena, edukirik onena, eta ikus-entzunezkorik onena. Laugarren saria, esan bezala, azken urtean euskarazko edozein hedabidetan argitaratutako euskarazko publizitate kanpainarik onenarentzat izango da.

Lanak aurkezteko epea zabalik dago irailaren 22ra arte. Proposamenak edonork egin ditzake, aurkeztutako lanen egilea izan zein ez. Sariketaren oinarriak Tokikomen webgunean daude irakurgai, eta aurkezpena bera ere webgunetik bertatik egin behar da.

Sari hauek urriaren amaieran banatuko dira Usurbilen, iaz bertako 'Noaua!' aldizkariak lortu baitzuen eduki onenaren saria, horretarako propio prestatzen ari den ekitaldi baten barruan. Informazio gehiago behar izanez gero, edo sarietarako proposamenak bidaltzeko, sariak@tokikom.eus helbide elektronikora idatzi behar da.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos