http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskarazko antzezlanak bultzatzeko solasaldiak, Arriagan

Dublindarrak antzezlanaren aktoreak./
Dublindarrak antzezlanaren aktoreak.

Dublindarrak ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago agerketaren nondik norakoak azalduko dira euskaraz

OLATZ HERNÁNDEZ

Kultura euskaraz ere bizi daitekeela frogatu nahi dute Bilboko Udalak eta Arriaga Antzokiak. Euskarazko ekitaldiak bultzatzeko eta balio erantsia emateko, ikuskizunak hasi baino lehenago, hitzaldi-solasaldiak antolatuko dira. Solasaldi hauek Zenbat Gara Elkarteko Xabier Monasterio idazle eta hizkuntzalariak zuzenduko ditu eta antzezlanaren nondik norakoak azalduko dira: testuingurua, egitura, testuinguru soziala, taularatzea, zuzendaritza eta eszenaratzea, betiere taula gainean ikusiko dutenaren xarma mantenduz.

Hitzaldiak Arriaga Antzokiko Foyerrean egingo dira, ikuskizuna hasi baino ordu erdi lehenago. Asteazken eta ostegunean abian jarriko dira , urtarrilak 24 eta 25, 11:00 etan Dublindarrak antzezlanarekin. Ostiralean, urtarrilak 26, saioa 20:00 etan izango da eta hitzaldia -solasaldia 19:30ean hasiko da. Dublindarrak bizitzaren iragankortasuna azpimarratzen du.

Gizakion hauskortasuna, galdutako amodioa, pasioa… gai hauek guztiak nahastu egiten dira Dublinen 1900 urtean gertatutako istorioan. James Joyce idazle irlandarrak idatzitako 'Hilak' - 'The Dead' (1914)-ipuinaren moldaketa da Dublindarrak antzezlana. Harrigarria bada ere, maisulan hau gutxitan antzerkiratu da.

Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Sailaren helburua, Arriaga Antzokiarekin elkarlanean, euskaraz egiten den kultura sustatzea da; eta, bide batez, ikus-entzule euskalduna fidelizatzea. Hitzaldi-solasaldiek ez dute sarreraren presioan gainkosturik izango. Ekimen hau urrian jarri zen abian aurrenekoz, Giltzadun Etxea antzezlanean eta Obabakoak euskaraz estreinatu zenean.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos