http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskararen erabilerak behera egin du gune euskaldunetako kaleetan

Bi gizon, euskaraz hitz egiten Lekeition. / Maika Salguero

Euskal hizkuntzaren kale-erabilerak ia puntu bat egin du atzera 2006-2016 hamarraldian: %13,7tik %12,6ra, Soziolinguistika Klusterrak argitaratu duenez

Jan Echevarría
JAN ECHEVARRÍABilbao

Euskal Herriko kaleetan orain dela hamar urte baino euskara gutxiago hitz egiten dela argitaratu du Soziolinguistika Klusterrak. Zehazki, asteazken honetan Donostian aurkeztu diren datuen arabera, 2006-2016 hamarraldian ia puntu bat egin du atzera euskal hizkuntzaren kale-erabilerak: %13,7tik %12,6ra, hain zuzen ere.

Dena den, salbuespenak daude noski eta, lurraldekako azterketak kontutan izaten baditugu, aipatzekoa da Araba eta Nafarroan euskararen kaleko erabilerak mantendu eta gora egin duela. Araban, hain zuzen, orain arte jasotako emaitzarik onenaren kuota berdinetan mantendu da erabilera, eta Nafarroan %5,7tik %6,7ra igo da azken bost urteetan.

Ez da berdina gertatzen Bizkaian, non azken hamar urteetan euskal hizkuntzaren erabilera behera egin duen kaleetan, %8,8an geratuz. Ipar Euskal Herrian ere beheranzko joera izan da 1998tik eta azken datuak erakutsi dutenez inoizko tasa baxuena erregistratu da bertan: %5,3koa. Arduratzeko kontua da hau zalantzarik gabe.

Gipuzkoari dagokionez, euskararen kale-erabilerak oso altua izaten jarraitzen du, %31,1ekoa. Hala ere, datu hori ez dugu ontzat hartu, azken bost urteetan 1,5 puntuko murrizketa izan baitu euskararen kale-erabilerak.

Emakumeek gehiago erabiltzen dute euskara

Soziolinguistika Klusterrak burututako VII. neurketa honek, beraz, berretsi egin du gune euskaldunenetan euskarak atzera egin duela azken hamarraldian kaleko erabilerari dagokionez. Gauzak horrela, biztanleen erdia baino gehiago euskaldun diren lekuetan euskararen erabilera mailak atzera egin du, nahiz eta euskaldunak %50 baino gutxiago diren lekuetan mantendu egin den kaleko erabilerari dagokionez.

Hortaz aparte, milioi erdi pertsonaren arteko elkarrizketak aztertu ondoren, aipatzekoa da haurrak eta gazteak direla, ordena horretan, kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Eta adin guztiak aintzat hartuta emakumeek gizonezkoek baino gehiago erabiltzen dute euskera kaleko solasean.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos