http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Euskararen erabilera kalean izan duen jaitsiera aztertzeko ikastaroa

Gizon batzuk, Ondarroako portuan.
Gizon batzuk, Ondarroako portuan. / E.C.

'Euskararen erabilera: egoera, bilakaera eta norabidea, datuen argitan' ekitaldiak euskal hizkuntzaren osasuna aztertuko du gaur eta bihar

Jan Echevarría
JAN ECHEVARRÍABilbao

Euskal Herriko kaleetan orain dela hamar urte baino euskara gutxiago hitz egiten dela argitaratu zuen aurreko astean Soziolinguistika Klusterrak. Gauzak horrela, 'Euskararen erabilera: egoera, bilakaera eta norabidea, datuen argitan' ikastaroak gure hizkuntzaren osasuna aztertuko du gaur eta bihar. Euskal Herriko Unibertsitateak urtero antolatzen dituen Uda Ikastaroen barnean sustatu dira jardunaldiak. Guztira, bost hitzaldi eta hiru mahai-inguru izango dira Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak martxan jarriko duen ekitaldian.

Jardunaldi hauek Donostiako Miramar Jauregian izango dira eta izena emateko aukera gaur amaituko da. Ikastaroaren balio akademikoa 20 ordukoa izango da eta jardunaldien helburu nagusia da euskarak bere lurralde osoan une honetan duen egoeraz arduratzen diren bi ikerketak (Inkesta Soziolinguistikoa eta Soziolinguistika Klusterrak egindako Kale Erabileraren Neurketa) oinarri hartuta, hizkuntzaren egoeraz hausnartzea.

Ikastaroaren xedeen artean honakoak ere badaude: Inkesta Soziolinguistikoa eta Euskal Herriko Kale Erabileraren Neurketaren emaitza nagusiak aurkeztea; euskararen erabileraren bilakaeraz, egoeraz eta norabideaz hausnartzea; euskal hizkuntzaren erabilera sozialari egingo zaion kanpoko begirada aurkeztea eta euskararen erabilera sustatzeko proiektuen justifikazioan sakontzea.

Euskararen egoeraren inguruko gogoeta egiteko arlo ezberdinetako adituak izango dira eta iritzi trukaketa sustatuko da. Tartean, antolatuko den mahai-inguruetako batean Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Mikel Arregi Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendaria eta Mathieu Bergé Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidente ohia izango dira.

Bizkaia eta Gipuzkoako kaleetan behera egin du...

Ikastaroan, aurreko astean ezagutu genuen euskararen kale-erabilerak ia puntu bat (%13,7tik %12,6ra) egin duela atzera 2006-2016 hamarraldian aztertuko dute.

Soziolinguistika Klusterrak burututako VII. neurketa honek erakutsi du, noski, salbuespenak daudela eta, lurraldekako azterketak kontutan izaten baditugu, aipatzekoa da Araba eta Nafarroan euskararen kaleko erabilerak mantendu eta gora egin duela. Araban, hain zuzen, orain arte jasotako emaitzarik onenaren kuota berdinetan mantendu da erabilera, eta Nafarroan %5,7tik %6,7ra igo da azken bost urteetan.

Ez da berdina gertatzen Bizkaian, non azken hamar urteetan euskal hizkuntzaren erabilera behera egin duen kaleetan, %8,8an geratuz. Ipar Euskal Herrian ere beheranzko joera izan da 1998tik eta azken datuak erakutsi dutenez inoizko tasa baxuena erregistratu da bertan: %5,3koa. Arduratzeko kontua da hau zalantzarik gabe.

Gipuzkoari dagokionez, euskararen kale-erabilerak oso altua izaten jarraitzen du, %31,1ekoa. Hala ere, datu hori ez dugu ontzat hartu, azken bost urteetan 1,5 puntuko murrizketa izan baitu euskararen kale-erabilerak.

Milioi erdi pertsonaren arteko elkarrizketak aztertu ondoren, aipatzekoa da haurrak eta gazteak direla, ordena horretan, kalean euskara gehien erabiltzen dutenak. Eta adin guztiak aintzat hartuta emakumeek gizonezkoek baino gehiago erabiltzen dute euskera kaleko solasean.

Hori guztia aztertuko da gaur eta biharko ikastaroan.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos