http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskararen bilakaera historikoa liburu batera ekarri dute

Liburuaren aurkezpena./Irekia
Liburuaren aurkezpena. / Irekia

'Euskararen historia' liburua aurkeztu dute Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean, publiko zabalarentzako oinarrizko erreferentzia eskaintzeko asmoz

AMALIA IBARGUTXI

'Euskararen historia' liburua aurkeztu dute Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean. Historiaurretik gaurdaino euskarak bizi izan duen bidea biltzen du liburuak, baita mendeetan zehar beste hizkuntza batzuekin izan duen harremana ere. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu den Bingen Zupiria sailburuarekin batera, aurkezpenean izan dira Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea, EHUko Arabako Campuseko errektoreorde den Iván Igartua, eta EHUko Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedradun eta liburu honen egile eta editoreetako bat den Joaquín Gorrochategui.

«Mendeetan zehar euskararen berezitasunak hizkuntzalarien eta adituen jakin-mina piztu du gure mugetatik harago, Wilhelm von Humboldtetik edo Louis Lucien Bonapartetik hasi eta Larry Task edo Theo Vennemanneraino. Euskarak teoria anitzak sorrarazi ditu bere sorburuen eta beste hizkuntza batzuekin duen ahaidetasunaren inguruan. Euskararen historiari buruzko ikuspegi zabala eta zehatza eskaintzea da obra honen asmoa, eta gai honetan aditu nagusi direnak jardun dira lanean. Gainera, liburuki bakar batean bildu dira euskarak historian zehar bizi izan dituen aldi desberdinak», adierazi du Zupiriak.

 'Euskararen historia' talde-lan handi baten emaitza da, non aditu desberdinek parte hartu duten hizkuntzaren eboluzioaren fase bakoitzean. Eusko Jaurlaritzako argitalpen-zerbitzuak kaleratutako liburu hau osatzen duten kapitulu desberdinetan aditu bakoitzak zehaztasunez eta era ordenatu batean jaso du euskararen historiari buruzko gaur egungo ezagutza, eta berriro ikertu beharreko alderdiak ere identifikatu ditu. «Erreferentziazko historia bat lantzen saiatu gara, bere izaeran eta bere oinarri teoriko/metodologikoetan gure inguruneko hizkuntzetarako dauden historien antzera», esan du Igartuak.

Euskararen historiako erreferentzia-liburua

Euskararen bilakaera historikoa baldintzatu izan duten faktore nagusiak aztertu dituzte. Liburua osatzen duten kapituluek antzeko egitura dute irakurketa errazteko. Hala, kapitulu bakoitzaren hasieran, izaera historiko orokorra duen sarrera bat eskaintzen da, eta ondoren, kapitulu bakoitzak euskararen zabalkuntzari buruzko informazioa eskaintzen du. Kapitulu bakoitzean  euskararen historia jarraitzeko datu linguistikoak ere aurkezten dira, emaitza historikoak ateratzeko datu horiek nola erabiltzen diren adieraziz.

Azkenik, historian zehar euskara bere inguruneko beste hizkuntza batzuekin lotu izan duten erlazioak aurkezten dira: komunitate linguistikoen arteko kontaktu-egoerek komunitate horien historia baldintzatzeko joera dute, eta hori bereziki antzematen da euskararen kasuan. Kapitulu guztietan ez bada ere, atal espezifiko batek garai edo aldi bakoitzari dagozkion ideia linguistikoak eta garapen gramatikografikoa ere aztertzen ditu.

Euskararen historiarako oinarrizko erreferentzia bat eskaintzea da liburuaren helburu nagusia, eta publiko zabala du helburu. Azaldu dutenez, «alde batetik, euskal filologiako ikasleek obra bat behar zuten, euskararen historiaren inguruan metatutako jakintzak egokiro antolatuko zituena. Halaber, ikertzaileak sintesi baten zain zeuden, euskararen bilakaeraren esparru orokor bat finkatuko zuena eta denboran zehar gertatzen joan diren aldaketei buruzko garrantzizko informazioa emango zuena. Azkenik, euskaran interesa zuen edozeinek halako liburu bati etekina aterako liokeelako ustea bazegoen, lanak era ordenatu eta erakargarrian laburbiltzen baitu euskararen bilakaera mendeetan zehar».

Joseba A. Lakarrak (UPV/EHU) ikertu du; antzinatea Joaquín Gorrochateguik (UPV/EHU) sinatutako kapituluaren aztergaia da; Patxi Salaberrik (UPNA) Erdi Aroko euskara aztertu du; eta Céline Mounole (UPPA-IKER) eta Joseba A. Lakarra (UPV/EHU) euskara arkaikoa (1400-1600) aztertzeaz arduratu dira. Euskara zaharrari eta modernoari dagokienez, muga kronologikoak 1600 eta 1745 urte bitartean finkatu dira. Aldi hori batera aztertu dute Céline Mounolek eta Ricardo Gómezek (UPV/EHU). Blanca Urgellek (UPV/EHU) aurreneko euskara modernoaren analisia egin du, 1745 eta 1876 urte bitarteko aldiari dagokiona, eta bigarren (edo azken) euskara modernoaren inguruko azterlana, 1745 eta 1876 urte bitartean hedatzen den aldikoa, Iñaki Caminok (UPV/EHU) egin du. Azkenik, Pello Salaburu (UPV/EHU) arduratu da gaur egungo euskara aztertzeaz.

Gainera, nabarmendu beharra dago Mikel Aizpuru, Juan José Larrea eta Xabier Zabaltza historialarien parte-hartzea guztiak UPV/EHUkoak obraren kapitulu desberdinei egin dieten ekarpenagatik.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos