http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskara eskolan: batean bale, bestean kale

Bi ikasle, klasera sartu baino lehen./Reuters
Bi ikasle, klasera sartu baino lehen. / Reuters

Haurrak irakaslearekin hitz egiterakoan gure hizkuntzaren erabilera %80ra igo bada ere, jolas orduetan erdira murriztu da

IZASKUN MOYANO

Euskarak oztopo asko gainditu behar izan ditu historian zehar, ofizial izan eta herritarren artean erabiltzeko eskubidea lortu arte. Antzina, baserrietan erabiltzen zuten eta hiri industrializatuetan erdaraz mintzatzen diren biztanleek 'zortedun'-tzat zituzten. Egun gero eta gehiago dira hizkuntza zaharraren aldeko apustua egin dutenak, baina erabiltze askatasunak euskararen nolabaiteko baztertzea sustatu du.

Azken egunotan egindako ikerketa batzuen arabera, eskola orduetan haurrek irakaslearekin izaten dituzten elkarrizketetan euskararen erabilera %80an igo da. Berri ona oso, aurreko urteetan hizkuntzari ateratako etekina aintzat hartuta. Zoritxarrez, gauzak zeharo aldatzen dira jolas orduetan. Izan ere, badirudi haurrek txipa aldatu eta erdararen aldeko hautua egiten dutela. Beraien artean nagusi dira gaztelaniazko hitzak jolasten ari direnean, erabilera erdira jaitsiz.

Ikastoletan ikasten duten ume ugariren ama hizkuntza ez da euskara. Beraz, ulergarria gerta liteke, eskolaz kanpo gazteleraz hitz egitera ohituta egotea. Hala eta guztiz ere, Arrue azterketaren arabera, maisuengandik urruntzen diren unean ume guztiek erdarara egiten dute salto, datu triste eta kezkagarria euskararen erabilera, sustapen eta biziraupenerako.

Adinez gero eta nagusiago izan, are gutxiago komunikatzen dira ikasleak euskaraz. Izan ere, lehen hezkuntzako 9 eta 10 urteko umeen artean %59an hitz egiten dute euskaraz, baina DBHra igotzen diren unean, hots, 13 eta 14 urte bitarteko gazteentan, datu hori %42ra jaisten da. Oro har, erabileraren kopurua asko aldatzen da ikasle biren arteko elkarrizketa edo irakaslearekin berbetan ari diren kasuetan. Hau da, ikasgelan bertan ere, erdara da nagusi haur batek beste batekin hitz egiterako orduan.

Arrue proiektuaren azterketa hau 2011 eta 2016 urte bitartean burutu da. Honetarako, ikasle talde jakina aukeratu da, eta urteetan zehar izandako bilakaera ikertu dute. Hots, 2011an lehen hezkuntzako 4. mailan zeuden ikasleak, 2016an DBHko 2. mailan ikasten ari ziren.

Aurretik aipatu bezala, datu kezkagarria da oso, gure hizkuntza gero eta ofizialtasun handiagoa lortzen ari den heinean, erabiltzaileak galtzen ari baita; batean bale, besteak kale.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos