http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Euskaltzaindiaren hiztegiak eta corpusak Euskararen Erakunde Publikoaren webgunean agertuko dira

Euskaltzaindiak dituen apalak.
Euskaltzaindiak dituen apalak. / Manu Cecilio

Bi erakundeetako arduradun nagusiek «aurrerapauso berria» ospatu dute

ELCORREO.COM

Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskaltzaindiak Baionan sinatu dute, aste honetan, 2017-2022 epealdirako otsailean izenpetu zen hitzarmen markoaren aurtengo eranskina. Eranskinean lankidetzaren 2017ko ardatz berriak biltzen dira, egitasmo konkretuak aurkeztuz, eta, horien artean, besteak beste, Akademiaren hiztegiak corpusak EEPren webgunean agertuko dira.

Bi erakundeetako arduradun nagusiak pozik agertu dira, dokumentu berria sinatu ostean. Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko lehendakariak adierazi du «aurrerapauso berri bat» suposatzen duela Akademiarekin lortutako hitzarmenak, bere hitzetan, «Ipar Euskal Herrian euskararen presentzia indartzeko baliagarri izanen delako».

Andres Urrutia euskaltzainburuak egungo eta etorkizuneko erronkak aipatu ditu, elkarlanarekin gaindituko direla azpimarratuz. «Euskararen Erakunde Publikoa, Euskaltzaindia eta hizkuntzaren kalitatea, horra hirukotea eta horra, baita, erronka. Finean, erakunde biek partekatzen baitute helburu edo xede bera: euskara eta euskal kultura aitzinatu», adierazi du.

Kale erabileraren moteltzea ere izan du hizpide: «Jakina da erabilera apaldu dela, eta atal hori indartzeko baliabideak jarri behar ditugu, proiektu konkretuak bideratu, bertako erakundeekin elkarlanean eta gizarte eragileen laguntzarekin. Horren adibide garbia da EEPrekin dugun lan hitzarmena».

Modu honetan, bi erakundeek sinaturiko agiriaren arabera, aurten lagunduko den Euskaltzaindiaren argitalpena «Euskal Elkargoaren sortzea eta euskararen geroa» izango da, Euskaltzaindiak eta Euskal Konfederazioak Baionan 2016ko azaroaren 19an antolaturiko XXI. Jagon jardunaldietako txostenak eta adierazpenak jasotzen dituen argitalpena.

Halaber, aurreko hitzarmenetan bezala, EEPk eta Eusko Jaurlaritzak antolatzen duten Hizkuntza jarduera Proiektu Deialdirat aurkezten diren argitalpen proiektuen hizkuntza kalitatearen azterketa egiten jarraituko du Euskaltzaindiak.

Bestalde, toponimoen baieztapen prozeduran, EEPk euskal toponimoez dituen baieztapen eskaeretan agertzen diren toponimo arautugabeei buruzko grafia arautu bat proposatzeaz arduratuko da Akademia. Bi aldeek adostu dute ere toponimia grafian lan egiten duten profesionalak Euskaltzaindiak toponimiaz forma ditzan, formazioak antolatzen ahalko direla ere, beharren arabera, aurreko zenbait urtetan gertatu modura.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos