http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Euskal musika eta dantza amerikarron kulturaren zati garrantzitsua dira»

Madalen Bieter./
Madalen Bieter.

Madalen Bieter gazte estatu batuarrak 'Boiseko taupada' izeneko irratsaio euskalduna gidatzen du unibertsitatean

IZASKUN MOYANO

Nork esango zukeen Euskal Herritik milaka kilometrotara bertoko kultura eta hizkuntzarekin topo egingo genukeela? Boisen, Idahoeko hiriburuan (AEB) euskaraz mintzatzen dira, gure sustraiak ezagutzen dituzte eta belaunaldiz belaunaldi ohiturok transmititzen jarraitzen dute. Bitxikeria honen 'errudun' dira gure arbasoak. Gerra garaian Ameriketara jo eta han errotu zuten bizitza. Hauetariko baten biloba dugu Madalen Bieter Lete; Boiseko Unibertsitatean euskarazko irratsaioaren gidaria.

Euskarako ikasketak burutzen dituen gazte amerikarrak kreditu akademikoa lortzeko xedez sortu zuen 'Boiseko Taupada'. Unibertsitateko ikasketa buruak aholkaturiko pausuak jarraitu eta fakultateko Pulse irratian tartetxo bat izatea lortu du. Saioa 30 bat entzulek jarraitzen dute zuzenean internet bidez. Honela, AEB eta Euskal Herrian dago entzungai. Baina badaude irratsaioak irauten duen ordu horretan belarria erne izateko aukerarik ez dutenak. Hauek guztiek ordea, soundclouden bidez eguneko edozein momentutan entzuten dute; beste 40 lagun, gutxi gora behera.

Musika eta kultura ditu mintzagai nagusi Madalenek. Hots, kantu jakin baten gai zein artistaren inguruan aritzen da. Nola ez, abeslariok Boisen kontzerturen bat eskaini edota lekuarekiko nolabaiteko lotura izan behar dute. Baina gazte estatu batuarrak gehiago nahi du. Izan ere, hemendik epe laburrera euskal-amerikar musikari buruzko saioren bat edo beste aurkezteko asmoa du. «Boisen, Idahon, Kalifornian, Wyomingen, Utahn… badago euskal kantak bultzatu eta jotzen duen jendea. Haiei esker, musika eta dantza gure kulturaren zati garrantzitsua da diasporan».

Euskaraz eta ingelesez aritzen da Madalen irratsaioan. «Naturalki ateratzen zait euskaraz mintzatzea euskal musika besterik ez baitut jartzen». Amerikar gazteak txikitatik ezagutzen du hizkuntz zaharra. Aita, euskal sustraiak dituen Boisetarra da, eta 18 urterekin ikasi zuen euskaraz Oñatin (Gipuzkoa). Ama aldiz, Errenterian (Gipuzkoa) jaio zen. 24 urte bete zituenean Renoko Unibertsitatera (AEB) joan zen euskarako ikasketak burutzera, familia etxean utzita. Izan ere, Euskal Herrian pasatu izan ditu Madalenek azken urteotako udak; aitona-amona, izeba-osaba eta lehengusuekin batera Errenterian.

Irratsaioko aurkezleak lotura zuzena du gure lurraldearekin. Familia bisitatzeaz gain, Boiseko Oinkari dantza taldearekin ikuskizunen bat edo beste eskaini izan ditu. «Euskal dantzan aritzea benetan gustuko dut». Gainera, ezagupenak areagotzeko xedez Hondarrabi eta Errenteriako euskaltegietan ikasi izan du; eta baita Lazkaoko barnetegia den Maizpiden ere.

Madalenen gurasoek eta beraien lagun talde batek Boiseko Ikastola sortu zuten. 4 urterekin sartu zen gure esataria eta bertan eman zituen bere lehen pausuak. Hainbat gauza ikasi eta momentu polit bizi izan zituen egoitza gogo biziz gogoratzen du. Hori dela eta, ikastolari tartetxo bat eskaini nahi dio aurki irratsaioan, hango irakasle eta ikasleak gonbidatuz. Izan ere, dirua irabazteko haur txiki bat zaintzen du Madalenek eta egun batean irratira eraman zuen. «Oso pozik aritu zen txikia mikrofonotik galderak euskaraz erantzuten».

Zoritxarrez, irratsaioko aurkezlearentzat ere denbora aurrera doa eta gero eta gutxiago faltatzen zaio ikasketak bukatu eta graduatzeko. Ondorioz, aurtengo Gabonetan mikrofonoa itzali beharko du. Pena handia ematen dio, une ahaztezinak bizi izan dituelako belarrietan kaskoak jarrita. Baina, oraingoan lekukoa beste bati pasatzea tokatzen zaio, «ea beste norbait animatzen den!».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos