http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Euskal Herritik urrun jendeak gure hizkuntza ikasteko grina izateak asko pozten nau»

Lucila Etxeandia./
Lucila Etxeandia.

Lucila Etxeandia mundakarra Bostonen bizi da eta Harvardeko Unibertsitatean euskara irakasten dihardu

IZASKUN MOYANO

Ezinezkoa da hemendik hiruzpalau urtera non egongo garen jakitea. Izan ere, bihar bertan gure bizitzak 180 graduko bira emanda Norvegian edo Txinan izan gaitezke. Ziur Lucila Etxeandia mundakar gazteak ez lukeela inondik inora ere pentsatuko egun Ameriketan biziko zela, eta are gutxiago Harvardeko Unibertsitatean euskarako klaseak ematen arituko zela. Baina bizitza horrelakoa da, eta gutxien espero dugunean, 'txas' munduaren beste aldean izan gaitezke.

Mundakarra, Bostonera alde egin behar zuela jakin bezain pronto, bertako Euskal Etxearekin kontaktuan jarri zen. Bertan, euskarako klaseak ematen zituen irakaslea ezagutu eta gutxika- gutxika lana bilatzeari ekion zion. Handik eta hemendik ederki informatu zen neska Ameriketan euskarak zuen presentziaz. Lehendabizi, NEBC (New England Basque Club) izeneko erakundea arduratzen zen euskara irakasteko kurtsoez Bostonen. Ondoren ordea, NABO edota North American Basque Organization delakoak hartu zion erreleboa. Kontaktuak kontaktu, gutxien uste zuenean Lucilak Hardvardeko Unibertsitatean euskara irakasteari ekin zion.

Gela fisikoari dagokionez, mundu mailan onenetakotzat jotzen dugun unibertsitatean bertan dago, baina kurtsoari dagokionez ez da programaren parte. Izan ere, mundakar gaztearen ikasle bat Harvardeko irakaslea da eta berari esker, hain zuzen ere, erdietsi zuten klaseak emateko gela fisikoa eta baita Harvardekiko harreman estua izatea. Dena den, Lucilak baditu harro sentitzeko nahiko arrazoi. Edonork ez du atzerrian dagoen izen handiko unibertsitate baten lan egiteko abagunea.

Nazioarteko ospea alde batera uzten du ordea, Lucilak. «Benetan pozten nauena Euskal Herritik hain urrun, jendea gure hizkuntza ikasteko irrikaz egotea da». Guztira 12 ikasle batzen dira klasean, eta bakoitzak istorio eta hizkuntza ikasteko arrazoi ezberdinak ditu. Batzuk euskaraz jakiteko grina duten linguistak dira, eta beste batzuk familia edota bikotekide euskalduna izanda eta gure hizkuntzarekin harrituta geratu direnak. Denak ala denak unibertsitateko ikasle edo irakasleak dira, eta «asko, hizkuntza erakargarria bezain 'triky' (zaila) delako hasi ziren euskara ikasten».

Hauei guztiei esker, etxean bezala sentitzen da Lucila Bostonen. Euskaraz lan egiteak jatorriarekiko nolabaiteko hurbiltasuna ematen dio. Izan ere, askotan mintza praktika egiten pasatzen dituzte klaseko orduak. Mundakarrak esaten duen legez, «daukaten euskara mailak edozein gairen inguruan hitz egiteko gaitasuna ematen die». Giro lasaian euskaltegian burutzen diren ariketen ereduak jarraituz euskararen munduan murgiltzen doaz. Izan ere, azterketa ofizialetara joateko beharrik ez dute eta gutxika- gutxika gauza berriak ikasten dihardute inolako presarik gabe. Batzuetan aditza, beste batzuetan deklinabidea, noiz edo noiz idazlanak eta baita entzumen ariketak ere.

Klasetik kanpo ere, euskaraz

Klasean ikasitakoa oso baliagarria da ikasleentzat, baina Lucilarentzat are garrantzitsuagoa da kalean ere euskaraz eroso moldatzen jakitea. Honetarako, mahaietatik altxarazi eta kanpoko ekintzetan parte hartzera gonbidatzen ditu. Egun batean, Berri Txarrak taldearen kontzertu batez gozatzera joan ziren. Bestalde, Bostonen bizi diren euskaldunak gutxi direla kontuan hartuz, Euskal Jaiaren aitzakiarekin, jende berria ezagutzeko abagunea izaten dute. «Ikasleei ilusio handia egiten die euskara eskolatik at erabili eta bisitariekin hitz egitea».

Hasieran esan bezala, inork ez daki etorkizunean munduko zein txokotan izango den, baina Lucilak badaki gutxienez urtebetez Bostonen bizitzeko asmoa duela. Asko gogoratzen da urrun bizi den familiarekin eta ahal duen guztietan etxera bueltatzen da hauek bisitatzera. «Baina norbere buruari hazten laguntzeko haitzuloa atzean utzi beharra dago, eta horretan ari naiz ni», onartu du mundakar gazteak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos