http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskal Encounterak 8.000 pertsona bilduko ditu BEC-en

Iazko edizioa. / E.C.

5.024 ordenagailu posturaino handitu dute eskaintza aurtengo edizioan

ELCORREO.COM

Euskal Encounter informatika topaketaren antolatzaileak jai «ahaztezina» osatzen ari dira 25. urteurrena ospatzeko, eta jarduera egitarau zabala antolatu dute bihartik uztailaren 25era bitartean Barakaldoko BECen. 5.024 ordenagailu posturaino handitu dute eskaintza eta festaren azalera 50.600 metro koadrokoa izango da, hau da, aurreko urteetako baino %30 handiagoa. Adibide gisa, San Mamesen zazpi zelaik hartuko luketen espazioa izango du euskal informatika festak, antolatzaileek astearte honetan prentsaurrekoan azaldu dutenez.

Aurten, gainera, hirugarren pabiloi bat hartu dute, eta beste bi jarduera arlo barneratuko dituzte programan: batetik, droneen zirkuitua egongo da, eta gailu horiek fabrikatzen eta erabiltzen ikasteko saioak eskainiko dituzte, baita lasterketak ere; bestetik, auto elektrikoen gunean, parte hartzaile gazteek elektronikari, informatikari eta aerodinamikari buruzko ezagutzak eskuratuko dituzte euren kotxeak fabrikatuz.

Euskalteleko Harreman Instituzionalen zuzendari eta Euskaltel Konekta fundazioko buru Nerea Lupardok azpimarratu duenez, bilkura hau «Euskaltelen gaitasun teknologikoen erakusleiho onena» bilakatu da. Azken 25 urteotan hobekuntza handiak izan direla nabarmendu du; esaterako, lehenengo urtean, Urretxun, «segundoko 64 Kb-eko konexio abiadura genuen, eta gaur egun, berriz, segundoko 40 Gb simetrikora iritsi gara».

Gainera, agerikoa da partaidetzak «izugarri» egin duela gora: gipuzkoar udalerriko frontoian egindako lehen bilkuran 36 zalek hartu zuten parte, euren Commodore Amiga ordenagailuekin, eta uztailaren 22tik 25era bitartean garatuko den topaketan, aldiz, 8.000 parte hartzaile izango dira.

Bestalde, SPRIko Teknologia eta Berrikuntza arloko zuzendari Aitor Cobanerak antolatzaileak zoriondu ditu, «munduko informatika festa azkarrenetarikoa eta Europan erreferentziazkoa» dena sortzeagatik. Era berean, aipatu du «natibo digitalen bilkura» hau aproposa dela «proiektu eta enpresa ekimen berriak agertzeko». Horrez gain, SPRIk industria eta teknologia arloetako ekintzaileentzat dituen laguntzak interesa duten partaideen artean ezagutaraziko dituela jakinarazi du.

Halaber, Euskaltel Konekta fundazioko arduradun eta Euskal Encounterren antolatzaile Sabino San Vicentek gogorarazi du topaketak beti funtzionatu izan duela «proiektuen hazitegi» gisa, hasieratik sustatu baitu parte hartzaileen arteko ezagutza trukea eta negozio ekimen berrien garapena. Horren oinarrian dago partaideen elkarlanerako grina eta osagarriak diren jakintza arloetako adituen arteko elkartrukea, besteak beste, software libre, sormen digital, hardware eta bideo jokoetan eskarmentu handia duten lagunak elkartzen baitira BECen.

Errealitate birtualeko azken aurrerapenak

Aurtengo bisitariek inoiz baino ekintza gehiago izango dituzte aukeran Opengunea publikoari irekitako doako zonan. Errealitate birtualeko azken aurrerapenak ezagutu ahal izango dituzte, baita irudiak 360 gradutan proiektatzen dituen zinema esferiko batean murgiltzeko esperientziaz gozatu.

Horrez gain, euren diseinuak 3D inprimagailuetan inprimatu ahal izango dituzte, eta bideo jokoen txapelketa amateurretan parte hartu. Azken belaunaldiko produktu teknologikoen salmenta eta informazio standak ere egongo dira.

Halere, aurreikusitako jardueren artean formakuntza da «plater nagusietarikoa». Euskal Encounterren ezaugarri den ezagutzak partekatzeko bokazio hori indartu egingo dute aurten 38 hitzaldi eta tailerrekin, gai anitzen inguruan, besteak beste, segurtasun informatikoa, robotika, programazioa, web garapena, sormen digitala eta marketina.

Euskaltelen eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) babesarekin bilkura hau antolatzeaz arduratzen den Euskaltel Konekta fundazioko ordezkariek boluntarioen lana txalotu dute. Izan ere, euren ardura da festaren jarduerak eta lehiaketak koordinatzea. Horrela egin dute, irabazi asmorik gabe, lehenengo urtetik, eta lan horri esker izan da posible Euskal Encounterren garapena. Urretxun hasi eta Legazpitik, Donostiatik, Bilbotik, Gasteiztik eta Barakaldotik pasa den egitasmo honen arrakasta gero eta nabarmenagoa da eragile guztien elkarlanari esker.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos