http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskadiko outlet azokaren XIII edizio solidarioa, BECen, azaroaren 3tik 5era bitartean

Stock Euskadik 3.000 euroko dohaintza egingo dio Garate Enea elkarteari

ELCORREO.COM

Stock Euskadik bere alderdirik solidarioena erakutsiko du berriz ere, azaroaren 3tik 5era bitartean BECen egingo den azoka honen edizio berriarekin bat eginik. Aurreko edizioetan bezala, Euskadiko outlet azokarik handienak 3.000 euroko dohaintza egingo dio ongintza-lanetan diharduen erakunde bati. Oraingo honetan, dohaintza 4. munduarekiko elkartasuna landu eta Abandoko barrutiko behartsuenen artean arropa eta janariak banatzen dituen Bilboko Garate Enea elkarteari helaraziko dio. Hitzarmena ostiralean sinatu zuten Pilar Cortina Garate Enea elkartearen presidenteak eta Francisco Garcia Stock Euskadiren zuzendariak. Laguntza emateko ekitaldia BECen bertan antolatuko da azoka egiten den egunetan; zehazkiago esanda, azaroaren 4an, larunbata, eguerdiko 12etan.

Stock Euskadiren zuzendaria pozik azaldu zen, laguntza txiki honek «oinarrizkoena behar duen kolektibo horri laguntzeko eskaintzen digun aukeragatik», eta horrekin batera gogoratu du «duela 20 urte baino gehiagoz geroztik, pobrezia eta gizarte-bazterkeria pairatzen duen kolektibo hori Garate Enearen lanaz profitatzen dela». Padre Arbeo jesuitak eta laiko batzuek 90ko hamarkadaren amaieran sortua, Garate Enea Abandoko barrutiko behartsuenen artean arropa eta janariak banatzen dituen irabazi-asmorik gabeko elkartea da. Urtero, 1.000 familia inguruk jasotzen dute 4. munduarekiko elkartasuna landu eta «ezer ez daukanari itxaropena eskaintzen dion» erakunde honen laguntza.

«Duintasun handiagoaz bizitzen lagundu nahi diegu, tratu hurbila eta zuzena eskainiz, bakarrik edo baztertuta daudenei, lanik edo prestakuntzarik ez dutenei, gizartetik kanpo daudenei eta inork entzuten ez dituenei», nabarmendu zuten Garate Eneatik. Lutxana kalean dituen lokaletatik, elkarteak «bazkidetutako» 60 bat familia zaintzen ditu duela 16 urtez geroztik, bakoitzaren xehetasun partikular, sozial eta ekonomikoen arabera, eta elikagaiak eta oinarrizko gauzak banatzeaz gain, entzute aktiboa eta laguntza eskaintzen die eguneroko arazoak gainditzeko.

Stock Euskadik emandako 3.000 euroko dohaintzari esker, Garate Eneak funts handiagoak izango ditu familiei, bakarrik dauden pertsonei, etxerik gabekoei, erretiratuei, gaixorik daudenei, toxikomanoei eta etorkinei laguntzen jarraitzeko. Garate Eneak oinarrizko elikagaiez osatutako 400 lote banatzen ditu hilabetero, eta 35 pertsona artatzen ditu egun-egunero, janaria, arropa eta oinetakoak eskainiz. Horrez gain, elkarteak eskola-materialerako txartelak banatzen ditu ikasturte hasieran, eta 450 elikagai-lote Eguberrietan.

Arazoak zuzen-zuzenean konpondu nahi

Garate Enea «burokrazia handiagoko beste erakunde batzuek betetzen ez duten esparrua estaltzeko» eta kolektiborik behartsuenen «eguneroko arazoak berehala eta zuzen-zuzenean konpontzeko» asmoz sortu zen. Horretarako, elkartea gizarte-zerbitzuekin, erakundeekin eta enpresekin harremanetan dago etengabe, artatu beharreko jendearen gatazka pertsonalak konpontzearren. Lan hori aurrera ateratzeko, Garate Eneak Victor Tapia-Dolores Sainz, Carmen Gandarias eta Menchaca de la Bodega fundazioen babesa du, baita Elikagaien Bankuaren eta hainbat partikularren laguntza ere. Azken hauek dohaintzak egin edota arropak, oinetakoak, etxeko gauzak eta bestelakoak eskaini ohi dituzte, elkarteak gerora bereizi eta jendearen artean bana ditzan.

Stock Euskadiren hamahirugarren edizio honetan, Garate Enea, 3.000 euroko dohaintza jaso eta azoka jendetsu honetan stand bat doan erabiltzeko aukera izan duten elkarteen zerrendan sartuko da. Hauexek dira besteak: Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen Bizkaiko Ordezkaritza, Unicef Euskadi, Caritas Bizkaia, Gorabide eta Adembi.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos