http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Euskadi eta Europako film onenak, prezio ezin hobean 'Bidaiariak zinera!' kanpainari esker

Zinema areto bat.

Zinema sustatzeko 'Bidaiariak zinera!' kanpaina hasi du Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak

JAN ECHEVARRÍA

«Euskadiko eta Europako film onenak prezio ezin hobean» ikusi ahal izango dituzte Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 59 zinema aretoetako ikusleek, Euskadiko Zine Aretoen Elkarteak (EZAE) martxan jarriko duen 'Bidaiariak zinera!' kanpainari esker. Euskal eta europar zinearen kontsumoa sustatzeko eta ikusleak zinema aretoetara erakartzea izango da hirugarren urtez ospatzen den ekimen honen helburua. Azken bi urteetan lortutako arrakastaren ondoren, eta EZAEren eta Zineuskadi elkartearen elkarlanari esker, eskaintza hau kontutan hartzen duten zinema aretoek «sarreren prezioa murriztuko dute gaurtik», kanpainaren sustatzaileek jakinarazi dutenaren arabera.

'Bidaiariak zinera!' egitasmoak euskarazko filmak, euskal ekoizpenak eta europar pelikulak sustatuko ditu, lehentasun maila horretan. Ikusleek bi euroko beherapena izango dute promozioaren barne sartzen diren filmen sarreretan eta, aldi berean, bertako nahiz Europako zinemagintzeari lagunduko diote pelikula horiek ikustera hurbiltzen diren heinean. Kontutan izan behar da kanpainak jarraipen handia izan zuela iaz euskal ikusleen artean: bi hilabete eta erdiko epean, beherapena zuten 12 filmak ikusteko 20.000 sarrera baino gehiago saldu ziren.

Euskal zinemazaleen artean ezaguna da hirugarren urtez egingo den kanpaina. Europar eta euskal zinemagintza bultzatzeaz gain, kanpaina honek ikusleak zinema aretoetara erakartzeko asmoa ere badu, zinemaz gozatzeko espazio egokienak diren aldetik. Izan ere, EZAEren helburu nagusietarikoak dira zinearen kontsumoa zinema aretoetan bertan bultzatzea eta kultur arloan areto hauek egiten duten lana aintzat hartzea, baita euskal eta europar zinea sustatzea eta zinema kultura hedatzea ere.

'Hurrak eta Lapurrak' animaziozko ekoizpen arrakastatsuaren bigarren partea izango da beherapena izango duen lehen filma. Pelikula Zineuskadik sustatutako 'Zinema Euskaraz' programaren barne sartzen da. Horrela, gaur estreinatuko den film horri deskontua izango duten pelikula berriak batuko zaizkio astero. Izan ere, zinema areto bakoitzak beherapena duten filmen zerrendatik nahi duenari ezarriko dio prezio murriztua aste bakoitzean.

Eta zergatik 'Bidaiariak zinera!' leloa? Kanpaina horrek zinemaren eta bidaiatzearen arteko lotura egiten du, zinemak toki, egoera, kultura eta ohitura ezberdinak ezagutzera eramaten baititu ikusleak. Horrela, euskal aretoek bultzatu nahi duten ideia da zinema publikoari beste errealitate batzuk erakusten dizkion bidaia aberasgarria dela.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos