http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Europako Continental Shield errugbi txapelketaren finala hartuko du Getxok maiatzaren 12an

European Professional Club Rugby klubaren ordezkari talde bat Faduran izan zen asteazkenean norgehiagoka prestatzeko lanak koordinatzeko

ELCORREO.COM

European Professional Club Rugby elkartearen ordezkari talde bat Getxon izan zen asteazkenean, maiatzaren 12an Faduran izango den Europako Continental Shield txapelketaren finala prestatzeko lanekin hasteko. Euskal Errugbi Federazioarekin, Norgehiagokaren prestaketa lanak koordinatzeko Getxo Kirolak-ekin eta Getxo Errugbia klubarekin batera egindako bisitan, zelaia zein egoeratan dagoen begiratu zen eta partidua prestatzeko lanak aztertu zituzten, besteak beste, harmaila osagarri baten kokapena eta telebistaz emateko dorreen instalazioa.

Bisitaren ondoren, Getxoko Kiroletako zinegotzi Álvaro González pozik agertu da: «Europako federazioko agintariek instalazioen balorazio ona egin dute, eta Europako finaleko partida antolatzeko uste osoa jarri dute gugan EPCR klubak eta Euskal Errugbi Federazioak». Era berean, Gonzálezek hau gogorarazi du: «Hein handi batean, kirol hau sustatzen Getxo Errugbia aspalditik egiten ari den lan handiari eta horrek ekarri dion ospeari esker aukeratu gaituzte. Hala, egoeraz baliatuko gara klubarekin ospatzeko eta gure errugbia Europan ezagutarazteko».

Continental Shield txapelketaren finalaz gain, goi-mailako beste bi final ere izango dira asteburu berean, San Mamesen: Challenge Cup eta Champions Cup, maiatzaren 11n eta 12an, hurrenez hurren. Horren haritik, Euskal Errugbi Federazioko presidenteak, Iñaki Laskurainek, azaldu duenez, final horien bidez «euskal errugbiak Europako federazioei eta erakundeei erakutsi nahi die gai dela eraginkortasunez lan egiteko Euskadin oso berezkoa dugun elkarlanaren bidez». Gainera, Laskurainek hau gogorarazi nahi izan du topaketan: «Kirolean, Europako errugbirik onena Euskadira hurbilduko dugu, oso urrun ez dagoen etorkizunean euskal talde batek txapelketa horietan ordezkatu ahal izango gaituelakoan».

European Rugby Continental Shield txapelketa hirugarren txapelketa kontinentala da, jokoaren mailari dagokionez. Txapelketan parte hartzen duten talde gehienak errugbi amateurraren eta profesionalaren artean daude, eta hori, hain zuzen ere, interesgarria da euskal errugbiarentzat, antzeko mailan baitago.

Txapelketa honetan 6 herrialdetako taldeek hartu dute parte, eta, oraindik finalaurrekoak jokatu ez diren arren, lau talde hauetako bi izango dira finalean: Errumaniako Timisoara Saracens, Alemaniako Heidelberger RK, eta Errusiako Enisei STM eta Krasny Yar.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos