http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Eulalia Abaitua argazkilaria, Alegria Jauregian, Estereoskopiak 16+16 erakusketarekin

Erakusketaren argazkia./Bizkaiko Aldundia.
Erakusketaren argazkia. / Bizkaiko Aldundia.

Era harrigarrian aurkezten zaizkie argazkiak ikusleei; izan ere, 3 dimentsiotan daude eta emakumezko euskal idazleen 16 kontakizunak deskribatzen dituzte

ELCORREO.COM

Estereoskopiak 16+16 erakusketa zabaldu zuen Euskal Herria Museoak otsailaren 1ean, non Eulalia Abaituaren (Bilbo, 1853-1943) argazkiak izango diren protagonista. Bilboko Euskal Museoak gordetzen duen altxorraren parte dira argazkilariaren 16 irudiak eta era harrigarrian aurkezten zaizkie ikusleei; izan ere, 3 dimentsiotan daude, eta emakumezko euskal idazleen 16 kontakizunak deskribatzen dituzte.

Erakusketak ohiko formatuekin hausten du, eta arlo bisualaren eta ahozkoaren arteko batuketa da. Alde batetik, Eulalia Abaituaren 16 argazkiz dago osatuta. Normalean, Euskal Museoan erakutsitako egile horren irudiak bi dimentsioko formatuan aurkeztu izan dira. Oraingo honetan, dena aldatu da. Poliesterreko formatu anaglifoko erreprodukzioak erakusten dira, hau da, 3Dko irudiak erreproduzitzeko teknika erabilita, 110 x 110 cm-ko pantailen barruan led-en bidez atzetik argiztatuta. Irudi tridimentsionaletan ikusarazteko, beharrezkoak dira kolore ezberdineko kristalak dituzten betaurrekoak, bata urdina eta bestea gorria. Horiek Museoan eskainiko dira, audiogida batekin batera.

Bestetik, argazkiak deskribatzen dituzten 16 ahotsak daude. Emakume euskaldunen ahotsak dira, Abaituaren lana ikusi ondoren sortutako sentimenduei buruz diharduten testuak egin dituzten idazleenak, hain zuzen ere. Hautaketarako, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle titularra den Mari Jose Olaziregiren aholkularitza literarioa izan du Museoak.

Abaituaren argazkiekin «hitz egin» duten egileen zerrenda honako hauek osatzen dute: Aurelia Arkotxa, Laura Mintegi, Lourdes Oñederra, Katixa Agirre, Leire Bilbao, Uxue Alberdi, Ana Urkiza, Mariasun Landa, Yolanda Arrieta, Karmele Jaio, Miren Agur Meabe, Arantxa Urretabizkaia, Tere Irastortza, Itxaro Borda, Eider Rodriguez eta Danele Sarriugartek. Testuak euskaraz sortu dira jatorriz, eta gaztelaniara eta ingelesera itzuli dira, ikus-entzule gehiagorengana iritsi ahal izateko. Argazkilariaren lanak ikusi bitartean audiogidarekin testuak entzutea da kontua.

Gure iragana

Egileari dagokionez, Abaituak bere lekua egin du gure historian, argazkilari gisa burututako jarduerari esker. Egilearen garaia adierazten duten euskarrietan finkatutako ikuspuntu berezia islatzen duten ilustrazioak, bistak, eszenak… dira, eta gure iraganaz hitz egiten dute.

Aukera bikaina da emakume honen lana modu harrigarri eta ezberdinean ezagutzeko eta, era berean, euskal idazleen lan inspiratzailea entzuteko.

Aipatutakoaz aparte, erakusketarekin erlazionatuta, ekintza desberdinak antolatuko dira horrek iraun bitartean: alde batetik, bisita gidatu bat egingo da Maite Jimenez erakusketa arduradunaren eskutik, baita testuen lanketan parte hartu duten idazleez osatutako mahai inguru bat ere. Bestetik, ikastetxe eta 10 pertsonatik gorako taldeentzako bisita gidatuak eta haurrentzako tailer bat ere eskainiko dira.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos