Borrar

Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sarira hautagaiak aurkezteko epea irekita dago

Ekainaren 29ra arte aurkezteko aukera dago

elcorreo.com

Sábado, 9 de junio 2018, 23:13

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Etxepare-Laboral Kutxa Itzulpen Sarira hautagaiak aurkezteko epea ireki dute, eta ekainaren 29ra arte egongo da zabalik. Sarituak nortzuk diren urriaren 1ean emango da ezagutzera.

Saria 2015an sortu zen, jatorriz euskaraz idatzitako literatura lanen itzulpenak saritzeko, «itzulpenak baitira euskal idazleek eta hauen lanek nazioarteko hedapena izan dezaten zubia». «Sari honek itzultzaileen ezkutuko lana nabarmendu nahi du», adierazi dute antolatzaileek.

Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkez daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2017an argitaratutakoa izatea. Eskabideari dagokionez, itzultzaileak berak, argitaletxeak edota liburugintza, literatura edo itzulpengintzaren arloko beste eragile batek egin dezake.

Sari bakarra emango da, 4.000 eurokoa, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatzekoa. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura lana argitaratu den herrialdean sustapen lanarekin jarraitzeko (aurkezpenak, publizitate kanpainak eta abar).

Hautagaiak aurkezteko epea ekainaren 29ra arte egongo da zabalik, eta sarituak nortzuk diren urriaren 1ean emango da jakitera, Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunaren biharamunean. Epaimahaia itzultzaile profesional batek eta Etxepare Euskal Institutuko eta Laboral Kutxako ordezkari banak osatuko dute.

Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan ildoekin bat egiten du sariak. Literaturaren alorrean, itzulpenak egiteko diru laguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia poltsak ematen ditu eta nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen du. Halaber, sariaren bitartez, Laboral Kutxak euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa berresten du.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios