http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Etxebizitzak martxan du Gasteizen 92 bizitokiren eraikuntza

Etxebizitzak martxan du Gasteizen 92 bizitokiren eraikuntza

Etxebizitza-mota hori, nagusiki, gazteei zuzenduta egongo da; Sailaren apustu nagusietako bat da

I.AGOTE

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, gaur egun, guztira 846 zuzkidura-bizitokiren sustapena du martxan, autonomia-erkidegoko 12 udalerritan. Alokatzeko apartamentu-mota hori gehienez okupatzaileek bost urtez bertan egoteko pentsatuta dago, eta horien eraikuntza 2018-2020 Etxebizitza Plan Gidariaren apustu nagusietako bat da. Hartzaile nagusiak gazteak dira; zuzkidura-bizitokiak emantzipatzeko aukera izan daitezke.

846 zuzkidura-bizitokietatik, 212 martxan daude, eraikuntza-prozesuan: horietako 60 Bilbon (Arangoiti), 58 Santurtzin, 51 Errenterian eta 43 Irunen. Bestalde, Bilboko Txurdinaga auzoan 107 apartamenturen sustapena hasteko obrak lizitatuko dira. Beste 527 hitzarmena formalizatzeko edo proiektua idazteko fasean daude: 66 Bilbo-Zorrotzaurren, 92 Gasteiz-Lakuabizkarran, 60 Zarautzen, 45 Azpeitian, 72 Bilbo-Txurdinagan, 48 Lekeition, 36 Basaurin, 50 Lezon, 26 Abanton eta 32 Irunen.

2015eko Etxebizitza Legeak alokairurako apartamentu publiko horiek honako hauetara bideratzen ditu: “etxebizitza bat legez okupatzeko zailtasunak dituztenei aldi baterako ostatu ematea, besteak beste, gazteei, etorkinei, pertsona banandu edo dibortziatuei zeinak etxebizitza partekatuaren erabilera-eskubidea galdu baitute, hirigintza-eragiketak direla eta berriro ostatu hartzeko zain dauden pertsonei eta antzekoei”.

Hori dela eta, zuzkidura-bizitokiak alokatzeko aurreikusten den gehieneko epea bost urte dira; izan ere, horien bidez lortu nahi dena da gazteek eta gainerako esleipendunek denbora-tarte horretan familian bizitzeko etxebizitza behin betikoagoa aurkitu ahal izatea, dela jabetzan, dela alokairuan. Horrela, hutsik utzi duten apartamentua beste pertsona batzuek okupatu ahalko dute.

Martxan dauden zuzkidura-bizitokien sustapen gehienak Etxebizitza Sailaren eta udalen arteko hitzarmenen bidez egiten ari dira. Oro har, Udalak doan lagatzen du lurzorua eraikitzeko, eta Sailak bere gain hartzen ditu apartamentuen eraikuntzaren eta alokairu-kudeaketaren ondoko kostuak, Alokabide sozietate publikoaren bidez.

Zeharkako ostatu-izaera kontuan hartuta, zuzkidura-bizitokien tamaina ohiko etxebizitzena baino txikiagoa da, eta okupatzaile baten gehieneko errentamendu-aldia ezin da 5 urte baino gehiagokoa izan. Horietara jotzeko baldintzak, oro har, alokairuko etxebizitza publikoetarako indarrean dauden berak dira; beraz, hileko zenbateko kanona aldatu egiten da, etxebizitzaren tamainaren eta familia-unitatearen diru-sarreren arabera.

Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak nabarmendu zuen zer garrantzitsua den udalerriekin lankidetzan jardutea, zuzkidura-bizitokien eraikuntza sustatzeko, mota horretako azken hitzarmena sinatu zenean, Zarauzko Udalean, pasa den abenduaren 21ean. “Badakigu, ondo jakin ere, gure gazteen emantzipazioa atzeratzen ari den arazo nagusietako bat etxebizitzaren kostu garestia dela, kontuan hartuta lanik eza eta ezegonkortasun handia daudela. Gure erantzukizuna aintzat hartuta, gogotik lan egingo dugu, etxebizitzarik eza oztopo ez izateko beren bizitzari ekiten dioten gazteentzat”, esan zuen Iñaki Arriolak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos