http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Etsipenerako bidea

Liburuaren azala.

Pertsonekiko harremanak (familia barruan, lanean zein adiskideen artean) dira kezken iturri nagusiak ‘Zer egingo dugu orain opariekin?’ izenburuko idazlan honetan

JAVIER ROJO

Aritz Gorrotxategik bederatzi narrazioren bilduma bat eskaintzen du ‘Zer egingo dugu orain opariekin?’ izenburuko idazlan honetan, zeina Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarietan irabazle gertatu baitzen. Narrazio gehienetan antzeko protagonistak aurkitzen ditugu: pertsonaia nagusiak, gaztaroa atzean utzita, helduaroan murgiltzen ari dira, eta aro honetan agertzen zaizkien arazoei aurre egin behar diete. Aldaketa puntu batean aurkitzen direlarik, batzuetan egoera berrira egokitzeko zailtasunak erakusten dituzte.

Egoera honetan pertsonekiko harremanak (familia barruan, lanean zein adiskideen artean) dira kezken iturri nagusiak. Batzuetan ipuinetan agertzen diren pertsonaiak seme-alaba txikiak dituzte, eta honek mugatzen du beraien jokaera. Ezin dute nahi dutena egin beraien bizitzak seme-alaben inguruan antolatuta baitaude, ezinbestean. Beste batzuetan, denbora agertzen zaigu pertsonaien arteko harremanak higatzen, behinolako adiskidetasuna hondatzen. Lanean ere agertzen zaizkigu, garai batean amestu ere egingo ez lituzketen baldintzak onartzen. Bizitza arrunteko egoera normalak dira gehienak, baina Aritz Gorrotxategiren ipuinetan aurkezten diren bezala, egoera normal hauek galera moduan aurkezten dira.

'Zer egingo dugu orain opariekin?'

Egilea:
Aritz Gorrotxategi Mujika.
Argitaletxea:
Algaida Sevilla, 2017136 orr. 18,00 euro.

Azken urte hauetan, euskal literaturan ohiko samarra bihurtzen ari da horrelako planteamendu ezkorra aurkeztea. Izan ere, pertsonaiak helduaroan sartzen diren heinean beraien bizitzak aldapan behera doazela ematen du, aspaldiko ilusioek zerikusirik ez baitute gero etorriko den errealitatearekin. Ildo honetatik jotzen dute idazlan honetako narrazioek.

Edonola ere, idazleak beste osagai bat gaineratu du planteamendu ezkorrean: ironia, erakusten den ikuspuntua gehienbat ironikoa baita. Bizirautearen arazoa gaindituta dagoenean, politika-kezkak dagoeneko bigarren maila batean geratzen direnean, pertsonaiei transzendentziak, edozein delarik ere, huts egiten dienean, bizitzan proiekturik gabe geratzen dira, eta kontrolatzen ez duten joko batean peoi hutsak izatera mugatzen dira, bizitza ikaragarrizko txantxa izango balitz bezala.

Txantxa honetan kokatuta, etsipena da pertsonaien jarrera definitzeko balio dezakeen hitza.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos