http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

'Fe de etarras'

ETAren indarkeriarekin haziak gara eta, neurri handi batez, hasiak ere bai politikan, munduaren errepresentazio nolabaitekoa den arte (edo desarte) horretan

Felipe Juaristi
FELIPE JUARISTI

Arinkeriaz idazten da arintasunaz ere, gure artean bederen. Arintasunak, ordea, bazter guztiak hartuak ditu, eta nago ez dagoela arlo bat, ez bizitzan, ezta bizitzaz haratago zabaltzen den mundu oparo eta aberatsean, haren eraginetik libratu denik. Komunikabideek, telebistak batez ere, badu oro arintze prozesu eta ahalegin horren erru handia, baina ez guztia. Telebista, azken finean, ispilua da, eta ispiluek ereduzkoa dena islatzen, errepikatzen eta zabaltzen dute, beren eremu txikian. Zilarrezko arima badute ere, kristalezkoa dute azala ispilu gaixoek; arinak dira oso, eta hauskorrak erabat. Bizitza ere ispilua da, beste mundu batena, idealistek diotenez; arima ere, beste arima batzuen irudi eta isla den bezala.

ETAren indarkeriarekin haziak gara eta, neurri handi batez, hasiak ere bai politikan, munduaren errepresentazio nolabaitekoa den arte (edo desarte) horretan. Iraun duen urte pilo horren barrenean inork gutxik eman dio tragediari komedia airea. Egia da arinkeria asko zabaldu dela gaiari buruz, beste gai askori buruz bezalaxe, ez baita aztertua izan beti arrazoimenaren indarrez. Sentimenduaren esku arinak zehaztu eta zedarritu du, gehienetan. Nahiaren bulkada izanik, ez da beti betebeharraren mugetara errenditu, azkenik errenditu bada ere, baina ez arrazoimenaren indarrari, legearenari baizik. Iraun duen bitartean, gertutasunak zekarren ikuspegi larria nagusitu da, gaiaz idatzi, edo haren errepresentazioa, zineman zein antzerkian, egin izan denean. ETArena gai serioegia izan da, bromatan edo burla haizez hartzeko. Bihotz zolaraino sufriarazi digun min-oinazeak ez du inor ez hotz ez bero utzi. Zentzugabea zentzatzen du; buruarinari sendotasuna damaio eta inozoenari ere adimena ekartzen dio burura. Hori da minaren ahalmen neurrizkoa. Baina seriotasuna, askotan, arinkeria baino ez da; egoeratik ihes egiteko modua, egoerak zentzumenak itxi eta itsutu egiten dituenean. ETAren garaian ez dut uste inori burura etorriko zitzaionik 'Fe de etarras' bezalako pelikula bat egitea. Eta ez da egin. Isiltasuna egin da artearen munduan, gizartean bezalaxe. Isiltasuna, ordea, arte mailaraino iritsi, eta, haren mugak ikusirik, gainez gain ibil badaiteke ere, normalean psikologiaren arte mailan kokatzen da, han hartzen baitu ostatu.

«ETArena gai serioegia izan da, bromatan edo burla haizez hartzeko»

Roberto Benignik 'La vida es bella' pelikula egin zuen. Estreinatu zenean kontrako gehiago izan zituen aldekoak baino. Kontzentrazio-esparruan bizitza ez zela ederra esan eta idatzi zuten bertan egon eta handik nolabait atera zirenek. Egia da hori, Primo Leviren eta gainerako bizirik infernuratuen testigantzei erreparatuz gero, baina Imre Kerteszek pelikula ona zela idatzi zuen, Spielbergen ‘La lista de Schindler’ baino hobea, hain zuzen. Esperantza erakusten zuela zioen, eta hori, hain zuzen, kontzentrazio-esparruetakoak bizi irautera bultzatu zuen sentimendua izan zela.

Nik ere sentimendu kontrajarriak izan ditut 'Fe de etarras' pelikula ikusitakoan. Baina, orain sentimenduak arrazoimenaren galbahetik igaroz gero, iruditzen zait giza kondizioaz diharduela, gizakiak muga-mugako egoeretan zer izan daitezkeen ekartzen duela gogora, egoera normalean zer garen eta nor garen bainoago. Samurtasunez hartzen ditu pertsonaiak, haien azalak ezkutatzen duen pertsona sentikorra erakutsiz. Umorea du, baina tristea da, ETAren denboraldia izan zen bezala.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos