http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Espaziora bidaia simulatuko du instalazio batek, Barakaldoko Zientzia Astean

Guztira, hogei bat ekintza antolatu dira datorren asterako

ELCORREO.COM

Lehenengo aldiz izango da Euskal Herriko Unibertsitateko programazioaren parte hiria, hiru euskal hiriburuekin batera Partaidetzazko Aurrekontuen ekarpenari esker hazi egin da jarduna aurten Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Azokan, jarduera ugari lortu eta ordutegia luzatu delako

Zientziaren hiriburu bihurtuko da Barakaldo datorren azaroaren 8an. Euskal Herriko Unibertsitateak urtero prestatzen duen programazio ofizialean sartzea lortu du Barakaldoko Udalak, hiru euskal hiriburuekin batera: Bilbo, Donostia eta Gasteiz. Hazi egin da, gainera, Zientzia Astearen jarduera kopurua, hogei bat ekimen eskainiko baititu Partaidetzazko Aurrekontuei esker.

Inguratzen dituenarekiko jakin-mina dutenentzat antolatzen da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Astea. Gazte, heldu, nerabe eta umeek dute zientzia ikusi, entzun, sentitu eta mintzatzeko aukera, egunero horretan lan egiten dutenekin. Horretarako, tailerrak, txoko zientifikoak, ibilbide didaktikoak, erakusketa, lehiaketa, ibilaldiak, bisita gidatuak eta abar prestatu dira, EHUren laguntzaz. Clara Campoamor Zentroak ere bat egin du lehenengo aldiz programazioarekin, eta, horrela, zabaldu egin da orain arte Barakaldok batez ere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Azokan eskaintzen zuena. «Hazi beharra genuen. Iaz, familia askok eskatu zuten asteburuko arratsaldeetan ere azoka zabaltzea. Partaidetzazko Aurrekontuei esker eman ahal izan dugu pausua, herritarren eskaerari bide emateko», azaldu du Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria eta Droga-menpekotasunen Prebentzio Arloko zinegotzi Nerea Canterok. Horrela bada, Zientzia Asterako aurrekontua 10.000 euroan hazi da (iaz, 5.000 eurokoa izan zen), barakaldarrek gehien bozkatutako laugarren aukera (Haurrentzako eta gazteentzako jarduerak eta ekipamenduak handitzea) izan baita.

Hitzaldiak, tailerrak...

22 jarduera antolatu dira Zientzia Astearen barruan; besteak beste, hitzaldiak, tailerrak, zerupeko jarduerak, erakusketak, dokumentalak eta, jakina, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Azoka. Zehazki, bi erakusketa daude; bata, Clara Campoamor Zentroan, eta bestea, berriz, Gurutzetakoan. Biak atzo inauguratu ziren. Lehenengoa, Eguzki Sistemari buruzkoa da, eta Neptunotik hasita Eguzkira helduko gara, sistema osoan barrena. Bigarrenean, euskal ilustratzaile Ángel Domínguezen obra erakutsiko da: 'Perretxikoak eta fruitu xarmadunak' izenburupean ikusi ahal izango dira fantasia ukitua duten naturari buruzko marrazkiak.

Ricardo Hueso astrofisikoak 'La emoción de la exploración espacial' hitzaldia emango du, hilaren 9an, ostegunarekin, Clara Campoamor Zentroan, 20.00etan. 11 tailer prestatu dira eskola-umeentzat, azaroaren 8tik 10era.

Ikusmin handiena sortu du, zalantzarik gabe, 'I-Mag 341. The Special Rocket' jarduerak. Ontzi berezi baten barruak espaziora aireratzea simulatzen du. Instalazio honetara sartzen dena 80.000 kilometrotik gora igoko da, eta Lurra distantzia horretatik ikusi ahal izango du. «Hiru minutuz, espazioan dabilen suziri batean sentitzen diren sentsazioak bizitu ahal izango dituzte astronautek», azaldu du Canterok.

Horrez gainera, gaueko behaketa astronomiko bat egingo da Bizkaiko Astronomia Elkartearen eskutik, eta Saturno ezagutu, Lurretik ikus daitekeen uztaidun sistema duen planeta bakarra. Azaroaren 10ean izango da, 18.00etan, Lorategi Botanikkoan. «Aurretik izena eman beharra dago, 944 789 552 telefonoan edo kulturbulegoa@barakaldo.org helbidean, soilik 40 lagunentzako tokia baitago», ziurtatu du zinegotziak. Lorategi Botanikora eta Munoa Finkara bisita-tailerrak egingo dira, eta Motxila Esploratzaileak programan ere parte hartzea izango da, azaroaren 11-12ko asteburuan.

Bizkaiko Ingeniaritza Eskolako ikaslez ostatutako Motostudent Bizkaia taldea etorriko da Barakaldora. Ikasleek, irakasle batek eskuetsita, babesleak bilatzen dituzte bai eta motozikletak diseinatu, eraiki eta prestatzen ere. Bi urtez behin egiten den nazioarteko Motostudent txapelketan parte hartzen dute, gainera.

Hilaren 8an, 19.00etan, 'Amateurs en el espacio' dokumentala emango dute Clara Campoamor Zentroan: beren etxeetan izarretara bidaiatzea amesten duten bi lagun ingeniariren historia. 8-9 urtetik gorako edonork ikusteko moduko dokumentala da, eta 89 minutu irauten du. Zientzia Asteari amaiera emateko, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Azoka antolatu du berriz ere Barakaldok. Laugarrena izango du aurtengoa, eta beti bezala, tailerrak, esperimentuak, magia demostrazioak izango ditugu, besteak beste. Larunbatean izango da, Clara Campoamor Zentroan, 11.00etatik 14.30era eta 17.30etik 20.00etara.

Fotos

Vídeos