http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Eskerrik asko, Rubén

Ez nauzu ezertaz ezagutzen eta hala ere, lagun-min sentitzen zaitut, Rubén Blades

Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Bitxia bada ere, Rubén Bladesen lehenengo kantu arrakastatsuak Orquesta Plateriaren bertsioetan egin ziren gurean ezagun. 'Pedro Navaja' eta 'Ligia Elena' deigarriak ziren oso. Lehengo aldiz saltsa estiloko oinarriak gai sozialez aritzeko erabili ziren eta ez, ordura arte ohikoa zenez, amodioari edota ama-lurrari kantatzeko soilik.

Are eta bitxiago bada ere, Rubén Bladesen irudia OTI jaialdiaren bukaera-galan ikusi nuen lehenengoz. Carlos Tena zen Espainiarako erretransmisio burua. Tenaren iritziak nahiko fidagarriak izaten ziren. Luzaroan jarraitu izan nuen Radio Nazionalean eta Espainiako Telebista publikoan egindako zenbait programetan eta normalean oso aukera fidagarrien profesionala zen. OTI izeneko desagertutako jaialdian -Eurovisionen bertsio latinoa izaten saiatu zena- ez ziren batere ohikoak halako eskaintzak. Tenak honelako zerbait esan zuen aurkezpen modura: «Orain arreta handiz entzutera gonbidatzen zaituztet, datorrenak merezi du eta; saltsa sozialaren erregea dugu hau, jaun-andreok: Rubén Blades». Jarraian 'Pedro Navaja'ren lehenengo notak entzun ziren. Ordura arte abesti bitxia iruditzen zitzaidana zerbait sendo, borobil bilakatu zen. Hori bai zen jatorrizko bertsioa, dudarik ez.

Askotan gertatzen zaidan legez, artistaren arrastoaren atzetik abiatu nintzen bere ibilbide osoa ezagutu arte. Bestetan ez bezala, Rubénen kasuan ustekabe onak ugaldu egin ziren: 'Siembra' edo 'Canciones en el Solar de los Aburridos', Willye Colonekin egindako elepe mitikoek, esate baterako, ez dute alferrik egindako abestirik. 1977 eta 1982 artean eginiko grabazio hauen bidez saltsaren salmentak, lehenago ez bezala, milioika hasi ziren zenbatzen.

Baina panamar abeslariaren eta Puerto Ricoko tronbonistaren arteko harremana, emankorra bezain zaila izan da. Bost lan elkarrekin sinatu ondoren beraien arteko tira-birek egunkarietako orrialde piloa bete dute eta behin baino gehiagotan auzitegietan aurrez aurre aurkitu dira, gehienetan diru kontuak direla eta.

Orain Bladesek, mundu osoan ospetsu bihurtu duen estiloa alde batera uztea erabaki du. Bere herrialdean presidente izaten saiatuko da berriro eta orain bere indar guztiak ahalegin horretan biltzeko asmoa omen dauka.

Zorionez, beti izango ditugu ahaztezinezko grabazio horiek: 'Maestra Vida', 'Mucho Mejor', 'Metiendo Mano' 'Buscando America', 'Agua de Luna', 'Antecedente'... eta gogoan izango ditugu gurean bizitako zuzeneko magikoak: Anoetan, La Casillan, Mendizorrotzan...

Agur, 'Pedro Navaja' eta zure gorpua lapurtu zizun mozkortia. Agur, 'Ligia Elena' eta notarik ederrenarekin asmatu zuen tronpetista. Agur, telebista itzali ezinik bakarrik bizi den amona. Agur, Juana Mayo emagaldua, auzoko askoren lehenengo sexu-harremana. Agur, Pablo Pueblo, boto-emaile tristea. Agur, Orinokoko kontrabandista indiarra. Agur, Aita Antonio eta Andres eliz mutila. Agur, poliziak desagertutako gizajoa. Agur, Juan Pachanga, playboy sasi-zoriontsua. Agur, Manuela, andereño maitagarria. Agur, zaldi zuri mexikarra. Agur, bere burua Casanovatzat hartzen duen auzokidea. Agur, Ramiro jaioberri gozoa... Agur, Rubén, plazer itzela izan da. Ez nauzu ezertaz ezagutzen eta hala ere, lagun-min sentitzen zaitut. Eskerrik asko eta beti arte.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos