http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ertzaintzaren Iurretako baseak energia sistema eraginkor eta berritzailea ezarriko du

Europa iparraldean energia sistema eraginkorren inguruan garatzen ari diren teknologia berri batean oinarritu dira

ELCORREO.COM

Ertzaintzaren Iurretako baseak energia sistema eraginkor eta berritzailea ezarriko du, Tecnalia Korporazio Teknologikoak sustatuta, Europako RELaTED programaren bitartez, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Ildo honetan, aste honetan zehar hainbat hitzaldi eta lan bilera egin dira Tecnaliaren Zamudioko instalazioetan eta Ertzaintzaren Iurretako basean, datozen bi urteetan polizia dependentzia horretan instalatuko den «konfort sistema iraunkor eta eraginkorra» aurkeztu eta aztertzeko. Topaketetan parte hartu dute Europako Batzordeak finantzatutako proiektu honetan sartuta dauden hainbat erakunde publikok eta enpresa pribatuk.

Europa iparraldean energia sistema eraginkorren inguruan garatzen ari diren teknologia berri batean oinarrituta, Tecnalia buru duen RELaTED programaren helburua da tenperatura baxuko fluxuak dituzten hodien bidez eraikinetan erosotasun handiagoa lortzea modu iraunkorrean. Proiektuak Europako Batzordearen laguntza eta finantziazioa du, teknologia hori Europako beste herrialde batzuetara hedatzeko, batez ere kontinentearen hegoaldeko lurraldeetara.

Horrela, Tecnaliaren Zamudioko egoitzan eta Ertzaintzaren Iurretako basean izan diren enpresa eta erakundeen artean daude Tecnalia, Energiaren Euskal Erakundea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila, Industrias IMAR enpresa, IMAR komunikazio tailerrak eta Suedia, Norvegia, Belgika eta Poloniatik heldutako hainbat enpresa eta fabrikatzaileren ordezkariak.

Halaber, proiektuaren aurkezpenean esku hartu dute beroa hornitzeko Belgradeko Beoelek enpresa publikoaren, Estoniako Tartu hiriaren eta hiri garapen berriaren eredu den Danimarkako Vestforbraending hiriaren ordezkariek, Iurretako polizia instalazioetan jartzekoa den sistemaren berri emateko.

Fotos

Vídeos