http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Errota kalearen inguruan berdegune eta plazatxo bat sortuko da

SERGIO EGUÍA

Urtaranen gobernuak Adurtza auzoko Errota kalea eraberrituko du, Heraclio Fournier kaletik Zumakadi ibilbideraino. Bereziki elizaren eta ikastetxearen artean dagoen espazioari helduko dio, zeina aparkaleku gisa erabiltzen baita orain. ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ programan hautatutako lana da, eta joan den uztailean onetsi zen kontratazio-dosierra. Gaur goizean, berriz, Tokiko Gobernu Batzarrak lehiaketara aurkeztutakoen arteko eskaintza ekonomikoki onuragarriena aukeratu du, zehazki, Orizon Constructora eta Lazaro Conextran aldi baterako enpresa-elkartearena. Lanak 350.000,73 euroan egingo dira, bost hilabeteko epean. Lanen aurrekontua 450.000 euro inguru izango da, eta berdegune zein elkartzeko gune berriak sortu nahi dira auzokoentzat, inguruko ekipamenduen erabiltzaileentzat eta Los Molinos egoitzako pertsonentzat. “Esku-hartze horrek zona biziberritzen lagunduko du, eta irisgarritasuna ere hobetuko da, egoteko leku atseginagoak sortuz. Urrezko auzoak eraberritzea udal gobernuaren helburuetako bat da. Orobat nabarmendu nahi nuke esku-hartzea auzokoen ekimena izan dela, ‘Mejorando Vitoria-Gasteiz Hobetuz’ prozesuan hautatu baitzen, eta programa betetzen jarraitzen dugula”, esan du Gorka Urtaran alkateak.

Errota kaleak zirkulaziorako errei bat du, eta lerroko aparkalekuak bi alboetan. Eskuineko espaloitik (zirkulazioaren noranzkoan goazela) oinezkoentzako barneko plazatxo batera iristen da, zeina egoitzaren aurrean baitago, baita garai batean ikastetxeko jolaslekua izandakora ere, zeina azaleko aparkaleku gisa erabiltzen baita orain. Espazio horien egoera hobetu eta aprobetxatzeko modukoa da. Inguruak badu elementu erakargarririk, hala nola eliza eta ikastetxeko fatxada duela gutxi berritua, zeinak eraberritzearen bidez duintzea merezi baitute.

Ingurumenaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako lanek ingurua oinezkoentzat erosoagoa izatea eta landaredia duten espazioak gehitzea dute helburutzat, Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren ildotik. Lehenengo, aparkalekua mugatzen duen horma eta aparkalekuaren eta barneko plazatxoaren artean dauden hiru estalpeak eraitsiko dira. Espazio horretan zuhaitzak dituen berdegune bat jarriko da, eta arrapala bat eta eskailera batzuk egitea aurreikusi da, plazatxoaren eta aparkalekuaren artean dagoen kota-aldea gainditu eta irisgarritasuna erraztearren.

Beste muturrean, elizaren ondoan, inguruko horma kenduko da, espaloiak handitu ahal izateko, eta oinezkoentzako plazatxo berria sortuko da, kanpoaldeko espaloiaren eta elizaren kota berean. Hartara ez da arrapalarik edo eskailerarik beharko.

Era berean, parterreak eta txorkoak egingo dira plazatxoko zenbait lekutan (ikastetxearen fatxadaren ondoan, elizaren aurreko plazatxo berria zedarritzeko…), ingurua atseginagoa izan dadin. Parterreen ondoan eserleku jarraitua jartzea proiektatu da. Argiteria ere hobetuko da, eta espaloiak, aparkalekua eta galtzada zolatuko. Bestetik, Txalaparta eta Errota kalearen artean zuzeneko lotura sortuko da, oinezkoentzako bide baten bitartez.

Fotos

Vídeos