http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Erronka bolkanikoa Guatemalan

Sumendiz jositako lurralde honek hainbat eraketa geologiko igotzeko aukera eskaintzen du eta, agian, baten bat aktibo ikusi

Acatenangoko igoera./V. Enebral
Acatenangoko igoera. / V. Enebral
VIRGINIA ENEBRAL

Antzinako maien zibilizazioaren hondakinak, Unescok Gizateriaren ondarea izendutako hiria, garifunak ezarrita dauden herria, paisaia zoragarriak... Hau dena aurki daiteke Guatemalan. Baina zerbaitegatik bereizten bada Erdialdeko Amerikaren iparraldean kokaturiko herrialde hau dauzkan sumendiengatik da. Guztira, hogeita hamar baino gehiago ditu, asko mendebaldean agertzen den sumendi-lerroaren parte dira. Horietatik hamaikak 3.000 metro baino gehiagoko altuera dute eta, gutxi balitz bezala, hiru aktibo daude: Santiaguito, Pacaya eta Volcán de Fuego. Azkenengo biak Antigua Guatemalatik hurbil daude, beste hainbeste bezala; hortaz, XVIII. menderarte estatuko kapitala izan zen hiri koloniala sumendi baten igoerari aurre egiteko toki egokiena da.

Izan ere, Guatemalak eskaintzen dituen aktibitateen artean arrakastatsuenetariko bat irekidura hauek bisitatzea da. Eraketa geologiko hauetara gerturatu nahi direnentzat ─baina kirola ez da euren zaletasunen artean aurkitzen, Pacaya (2.522 metro) aukera bikaina da. Igoerak ordu erdi inguru irauten du. Bidea, estua, landaretza artean doa, beti gorantz, baina erraz betetzen da ez baita oso aldapatsua. Gainera, 2010 eta 2014an gertatutako azkenengo bi erupzioen laba-ibaien arrastroa zapaldu daiteke gaur, baita Estatu Batuetan hain ezaguna diren 'marshmallow' erre lurretik darion lurrun beroarekin ere.

Acatenango, ordea, ur handiak dira, izan ere, badakigu urtarrilan sei turista hil zirela. Euren 3.976 metroekin errepublika honetako hirugarren sumendi altuena da, Tajumulco (4.220) eta Tacaná (4.092) tontorren atzetik. Hortaz, gailurrara heltzeak sasoi onean egotea eskatzen du, hiruzpabost orduko igoera izan ez ezik, mendiko gaitza eragin dezakeelako. Halere, bidean agertuko den euriari, lainoari, nekeari, agian burukominari, eta baita erorketei ere aurre egiteko arrazoiak ez dira falta.

Sumendi-lerroa

Lehenengoa, biziko den esperientzia. Ahaztezina. Bigarrena, Guatemala iparretik hegoaldera zeharkatzen duen sumendi-lerroa ia osoa ikusi ahalko da: aurre aurrean Atitlán eta Tolimán lakuko sumendi bikiak; ondoan San Pedro; atzerago, haien artean hurbil dauden Santo Tomás, Pecul bezala ere ezagututa, Santa María eta Zunil; eta urrunago, Tajumulco eta Tacaná. Azkenik, zorteak laguntzen badu, ondo-ondoan dagoen ─izan ere, lotutak daude─ Volcán de Fuego kraterraren erupzioak miretsi ahalko dira.

Ibilbidea errepide baten ondoan hasten da. Lehenengo zatiak eragina izango du hanketan, atsedenik gabeko aldapa gogorrak ematen baitie ongietorria mendizaleei. Ia ordu bat geroago aterpetxe bat aurkituko da. Hortik aurrera landaretza izango da bidelagun, baina adi egon, aldatzen joango da-eta. Hiru atal bereiztuko dira: lezka-basoa; baso hezea, zerura altxatzen diren zuhaitzak zeharkatu ezinean baitabiltza eguzki-izpiak; eta baso hila, sute baten ondorioz sasitza ez da oraindik hazi-eta. Azkenengo tartea atari zabalean jarraitzen da, Acatenangoko gailurra aurre-aurrean ageri den bitartean.

Ordurako unadura nabaria izango da eta agian arnasketa motela eta nekatsua ere, baina arreta zorrozteko unea ailegatu da. Falta diren maldak harri bolkanikoz osatuta baitaute eta irristatzeko arriskua dago. Gainera, haize handia izan liteke eta, ondorioz, oreka galdu. Tontorrera heltzean bihotza pozez lehertuko da eta ziur Volcán de Fuegok agurtuko zaituela. Leherketak argi eta garbi entzuten baitira. Orain jaitsi baino ez da egin behar.

Fotos

Vídeos