http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Errepideetako neguko plana, gaurtik aurrera, Bizkaian

Elurra kentzeko 76 makina eta 9.725 tona gatz erabiliko dira errepideak egoera onean egon daitezen

ELCORREO.COM

Errepideetako neguko plana jarriko da martxan gaur Bizkaian. Guztira, 381 profesionalek jardungo dute lanean, besteak beste, gidariak, laguntzaileak, zaindariak eta langileak, lurraldeko errepideetan segurtasunez zirkulatzea bermatuta egon dadin. Lan horietan elurra kentzeko 76 makina eta 9.725 tona gatz erabiliko dira.

Errepideetako neguko plana 2018ko apirilaren 30era arte mantenduko da, eta sailen arteko koordinazioarekin egingo da (foru suhiltzaileak, Interbiak, Malmasingo Kontrol Zentroa, Basalan eta Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila). Era berean, koordinazioa izango da Bizkaiko udalekin eta Eusko Jaurlaritzarekin (Trafikoa, Larrialdiak, Euskalmet eta abar).

Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatuak eta Jon Larrea Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako zuzendari nagusiak aurkeztu dituzte aste honetan 2017-2018 aldiko neguko planaren baliabideak. Era berean, gidarien inplikazioa eskatu dute, beharrezkoa baita gidariek kontu handiz gidatzea eta eguraldi iragarpenaren eta errepideen egoeraren berri edukitzea.

Ildo berean, gidariek Bizkaimove aplikazioa erabili dezaketela gogorarazi dute, aukera ematen baitu errepideen egoerari buruzko informazioa jakiteko. Aplikazioa sistema operatibo guztietan erabili daitekeen oso tresna erabilgarria da, batez ere, gorabeherak gertatzen direnean. Horrela, ohiko ibilbideak pertsonalizatzeko aukera ematen du, eta denbora errealean ohartarazten du zer gorabehera gertatzen diren Bizkaiko errepideetan.

Maila desberdinak

Planak lau maila ezarri ditu zirkulazio baldintzetan, kontuan harturik izotzak eta elurrak nola uzten duten errepidea. Lehen maila C1 da, eta zirkulazioak ez du inolako gorabeherarik; azken maila C4 da, eta gorengo alerta ezartzen du, ezinezkoa baita inolako ibilgailurik errepideetan ibiltzea.

Era berean, aurtengo neguan lehentasuneko tarte berdinak izango dira Bizkaian baliabideak banatzeko, hau da, A-8, AP-8 MHS, AP-8 Erletxetik Ermura, N-637, N-240, Loiuko aireportuko sarbideak, Superportuko sarbideak, ospitale guneetako sarbideak eta BI-631 Bilbo eta Derio bitartean (Egirleta).

Alertei dagokienez, joan den urtean 15 alerta hori egon ziren elurragatik, eta 25 alerta hori tenperatura baxuengatik. Horrez gain, iaz 4.199 orduz jardun zuten elurra kentzeko makinek, eta orain bi urte, berriz, 3.365 ordu.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos