http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Errefuxiatuei buruzko dokumentala: ‘Zuk’ ere lagundu dezakezu, ‘zu’ ere izan zaitezkeelako

Errefuxiatuei buruzko dokumentala: ‘Zuk’ ere lagundu dezakezu, ‘zu’ ere izan zaitezkeelako

Krisi migratorio izendatutako hondamendiaren aurrean hainbat protagonistak burutzen duten lana erakutsiko du gaur, Zinexit zikloaren baitan, emango den dokumentalak

VIRGINIA ENEBRAL

«Ahalik eta jende kopururik handienak ikustea espero dut, ez nire onurarako, baizik eta zer gertatzen ari den jakin dezaten». Helburu horrekin ekin zioten Asier Garcíak eta Unax Blancok euren bigarren dokumentalari. Baita giza-eskubideak defendatzen lan egiten duten pertsona guztiei, bolondres moduan edo era profesionalean, «eskerrak emateko». Emaitzak 'Zuk' du izena eta gaur arratsaldean lehendabiziz ikusi ahalko da dohainik Azkuna Zentroan, Zinexit Bizikidetzaren 8. Zinema Erakustaldiaren baitan.

Lan honen aurrekaria 'Refugiados, camino a ninguna parte' izan zen. «Iaz Zaporeak proiektuko taldearekin Kios uhartera joan ginen. Grabaketa horri esker errefuxiatu askorekin erlazioa mantentzen dugu, eta ekimenaren amaiera helduko zela jakitean, euren azkenengo egunak jasotzea erabaki genuen», azaldu du Garciak. Une hartan, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma asteburu berezia antolatzen zebilen Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena zela eta. «Oroitzapenaren lekuko ere izan nahi genuen eta, hari horri eutsiz, Euskal Herriko jendea, elkarteak eta erakundeak arazo honen aurrean egiten ari direna islatzea erabaki genuen, hots, aurreoak ez ezik Gizaldeko Itsas-Salbamendua (SMH), Euskadiko Errefuxiatuen Komisioa (CEAR) eta baita Bilbon bizi den Maliko pertsona baten bizipenak ere agertzen dira. Bizkarhezur bat izango balira bezala, lau istoria elkar lotu egiten dira dokumentalaren muina osatzeko».

Guztira 80 minutu dira, baina hainbat ordu dauzkate grabatuta. «Gizaldeko Itsas-Salbamenduko taldearekin, esaterako, 25!», adierazi du zuzendariak. «Maltan porturatuta daude eta, hortik, Libiako mugak sahiestu eta nazioarteko urak hasten diren eremuan aritzen dira. Haiekin bi erreskate ikusi genituen eta, irudi gogorrak egon arren, sentsazionalismoa ekiditen saiatu gara». Kiosen haurrengan eta emakumeengan jarri zuten arreta. Halere, errealitatearen gordintasuna irentsi ondoren, berri on bat jaso zuten: urteak hemen igaro eta gero, Abdul Maliko errefuxiatuak bizileku-baimena lortu du.

Sentsibilizazio tresna

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kidea den Maria Luisa Menendezek horrelako lanak beharrezkoak direla uste du. «Kontzientziazio eta sentsibilizazio tresna izugarriak dira, hitzaldi batek baino eragin indartsuagoa lortzen baitute, azken finean, migrante eta errefuxiatuen ahotik entzuten diren bizipenak dira». Hala ere, Menendezek itsutasun hutsa dagoela ziurtatzen du. «Guztiok dakigu zein den gaur egungo egoera, baina gurekin ez doala uste dugu edota ez dugu gaiari buruz ezer jakin nahi. Nahigabea normalizatu egiten dugu eta beste edozein gauza bezala gure bizitzan bertakotu egiten dugu».

Bere aburuz, etorkinak ezagutu ahala konpromisua hartuko ditugu. «Etorkizuneko munduan erlijio, arraza eta ohitura ezberdineko pertsonak nahastuak egongo gara, eta elkarrekin bizitzen ikasi beharko dugu». Gainera, arazoak, ekintzak eta ondorioak lotuta daudela azpimarratzen du. «Hemen egiten denak eta han gertatzen denak zerikusia badu. Horrez gain, pairatzen ari garen eskubideen murrizketak eta gobernuek betetzen ez dituzten legeak eta akordioak gauza bera dira. Jendea konturatu egin behar da».

Nahiz eta denbora gutxi eduki muntaketa amaitzeko, Asier Garcia pozik dago egindako lanarekin. Orain dokumentalaren izenburuak dioen moduan: 'Zuk' ere lagundu dezakezu «zu ere izan zaitezkeelako».

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos