http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Erditzea eta hilekoa baino gauza ‘gore’agorik ez dago»

Violeta Kovacsics eta Ana Gutiérrez./E. C.
Violeta Kovacsics eta Ana Gutiérrez. / E. C.

Atzo agur esan zuen 'Zinemakumeak gara!' jaialdiak. Andrazkoek beldurrezko filmeetan duten rolari buruzko hausnarketa egin du 22. edizioak

VIRGINIA ENEBRAL

Ekimen berri bat abian jartzen den guztietan bezala, lehenengo pausuak ez ziren errazak izan. Estrenatu gabe zeuden atzerriko filmak ekartzen zituzten eta, garai hartan, bikoizketa lanak antolatzaileek egin behar zituzten. Enpresa-banatzaile gutxi zeuden eta ekoizpenak ekartzeak izugarrizko ahalegina zekarren. 22 urtetan gauzak asko aldatu dira. «Baliabide gehiago ditugu eta genero ezberdinei ekiten saiatzen gara emakumeen ekarpenak ezagutarazteko», azaldu du Ana Gutiérrez, Zinemakumeak gara! jaialdiko bultzatzaileak. Komedia, drama, zinema beltza eta beste hainbat genero hausnartu ondoren, aurten beldurrezko filmen txanda izan da. Honi buruz, Violeta Kovacsics-ek, Sitgeseko Nazioarteko Zinemaldian hamar urte baino gehiago lan egin ez ezik, zinema kritikaria eta irakaslea ere badenak, ikuspegi zabala eskaini zuen.

- Zein zen jaialdi honen helburua?

- Gutiérrez: Zinema eztabaidarako erabiltzen genuen eta momentu batean, Bartzelonako kideek horrelako ekimena abian jarri zuten. Ideia ona iruditu zitzaigun eta ekin genion. Helburua, betidanik, emakumeen lana ezagutaraztea izan da. Orain dela 22 urte bazegoen emakume-zinemagile belaunaldi bat; halere, banatze zailtasunak direla eta, haiek egiten dituzten filmak ez dira zinema-aretoetara ailegatzen. Zinema ez da errugabea, gizartearen rolak helarazten baititu, eta guk andrazkoen begirada gehitu nahi genuen. Emakumeak beti egon gara zineman; hortaz, ahaztuak izan diren aitzindariei omenaldi egin nahi genien.

- Xede hori bete egin da?

- Zoritxarrez indarrean dago oraindik. Zinema-aretora joaten garenean ikuskizunen saila arakatu behar ez izatea gustatuko litzaiguke, baina emakumeek arazoak izaten jarraitzen duten bitartean, jaialdi honek zentzu guztia du. Baina gauza bat argi utzi nahi dugu: ez dira andrazkoei zuzendutako filmak, zinemagileak dira eta egiten dutena ekartzen dugu. Eta kitto.

- Zein da zuen hartzaileen profila?

- Edozein ekitaldi kulturaletan, musikan izan ezik, publiko gehiena emakumezkoak izaten dira. Hau ere ez da salubuespena eta elkarte feministen ingurukoa izan da betidanik gure publiko leiala. Hala ere, gero eta gizonezko gehiago etortzen da, baita gazte gehiago ere, oraindik gutxiengoa izan arren.

- Zein da heltzen den ehunekoa?

- Bai munduan bai Estatuan %7 ingurukoa da. Inoiz ez du %10 gainditzen. Berdintasun eza nabarmena da.

- Aurten beldurrezko filmetan ardaztu zarete. Ehunekoa txikiagoa al da?

- Gutiérrez: Emakumeak betidanik egon diren generoa da, nahiz eta gehiengo ez izan. Dena den, emakume-zuzendari bolada berria sortu da, ekarpen berriak eginez eta andrazkoen rolak aldatuz. Genero alderdia badago eta Zinemakumeak gara! jaialdiak gizonezkoen begiradatik aparte dagoena azaleratu behar du.

- Kovacsics: Azken urteetan emakumeek egin duten ibilbidea oso interesgarria izan da, baina une honetan zinemagile erakargarrienetarikoen zerrendan, erdia andrazkoek osatzen dute.

Beirazko sabaia

- Zein dira euren ekarpenak?

- Kovacsics: Formaren aldetik, bakoitzak berea du; baina edukiaren aldetik, feminitateari historikoki egokitutako gaietara hurbiltzen dira, amatasunari esaterako. Hor dago Polanskiren 'La semilla del diablo'; emakumeek beldurraren bidez gaiari heltzen diotenean, ordea, bestelako begirada eskaintzen dute. Andreek ez dute derrigorrez umeak izan behar; dituztenean ez dute derrigorrez zoriontsuak izan behar; ez dira lotuta egon behar… Tentsio hori eta, ondorioz, sortzen diren gatazkak itxura beldurgarri baten bidez edota emakumearen gorputzarekiko arazoen bidez ager daitezke. Bestalde, erditzea eta hilekoa baino gauza 'gore'-agorik ez dago, eta andrazkoek eurek mahaigaineratzea oso interesgarria da.

- Zer behar da egoera aldatzeko?

- Gutiérrez: Ni diskriminazio positiboaren aldekoa naiz, hots, emakumeak zinemagintzara heldu daitezen bultzatu behar da. Benetako berdintasuna lortu nahi badugu beirazko sabaia apurtu egin behar da.

- Kovacsics: Datozenentzat ereduak egotea garrantzitsua da eta orain arte gizonezkoak baino ez zeuden. 2015ean Karyn Kusamak zuzendutako 'The invitation' filmak irabazi zuen Sitges-ko saria. Ez zen lehenengo aldia izan, baina normalizazioa beharrezkoa da. Bestalde, nik 'Crudo' aipatzen dut eta, kasualitate hutsa bada ere, zinemagilea emakumea da; gainera, iazko beldurrezko filmerik erakargarriena iruditzen zait. Filma bera aldarrikatzen da.

- Gutiérrez: Emakume-zinemagileen elkartea (CIMA) kuota baten alde borrokatzen ari da, egiten diren 25.000 filmeen artean, 200 baino ez baitira heltzen…

- Kovacsics: Gainera, badaude ertzetan mugitzen diren beste hainbeste zuzendari: Virginia García Del Pino, Natalia Marín, Isa Campo…

- Gutiérrez: %50 gara; hortaz, ulertezina da eremu askotan ez egotea.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos