http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Enplegua sorrarazten duten 21 enpresa aurkeztu dira Enpleogune 2017n

Enplegua sorrarazten duten 21 enpresa aurkeztu dira Enpleogune 2017n

SERGIO EGUÍA

Alkate Gorka Urtaranek eta EHUren Arabako Campuseko errektoreorde Ivan Igartuak Gasteizko 2017ko EmpleoGune enplegu foroaren inaugurazioan parte hartu dute; Europa jauregian egingo da foroa. Orobat, Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosa; Arabako diputatu nagusi Ramiro González, eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gazteria sailburuorde Marcos Muro izan dira ekitaldian. Bi egunez, enpresak aurkezteko sektorekako mahai inguruak, enplegagarritasuna hobetzeko lantegiak, langileak hautatzeko elkarrizketak eta orientazioaren alorreko profesionalentzako jardunaldi teknikoa egingo dira, baita ekintza berriak ere, enplegua bilatzean izandako esperientzia arrakastatsuei buruzko mahaia, esaterako.

Hitzaldian, Urtaranek adierazi du bere gobernuaren lehentasunetako bat dela enplegu duina, egonkorra eta kalitatekoa sortzea. “EmpleoGune bezalako espazioak funtsezkoak dira enpresen eskaera eta beharrak profesionalen eskaintzarekin konektatzeko, horiek lan-merkatuaren beharrei ahalik eta gehien egokitzen zaizkielarik. Azken bi urteetan 3.000 langabe gutxiago zenbatu da. Albiste ona da, baina kualifikazioan eta prestakuntzan aurrera egiten jarraitu behar dugu, lanpostu gehiago eta kalitate handiagokoak sortzeko”, uste du alkateak.

Enplegua sorrarazten duten sektoreetako 21 enpresak hartuko dute parte EmpleoGune foroan; kopurua aurreko urteetakoa baino handiagoa da, enplegu-merkatuaren eta pertsonen arteko topagune gisa sendotu baita.

Bestetik, Industriari Laguntzeko 2017-2020 Plana aurkeztu die Gorka Urtaran alkateak Industria Mahaian bildutako Gasteizko enpresaren esparruko agente nagusiei. Sei enpresa-elkarte eta -plataformaren ordezkariak izan dira bertan, baita Gasteizko bost enpresa handirenak ere. Saio monografikoa izan da, eta Gobernu Batzarrak urriaren hasieran onetsi zuen planaren ildo nagusiak azaldu ditu bertan alkateak. Izan ere, plana abian da dagoeneko, eta industrialdeetako hainbat kale berritzeko lehen kontratazioak egiten hasiak.

Ildo horretatik, Ehari-Gobeuko industrialdean —Bitorialanda eta Bitoriabidea kaleak—, Gamarrakoan —Larragana kalea— eta Jundiz kalean egitekoak diren lanak zehaztu ditu Urtaranek, lizitaziora atera diren lehen esku-hartzeak izaki; orobat, industrialdeetako seinaleztapen horizontala berrituko da. Jarduera horietarako aurrekontu orokorra ia 1,5 milioi euro da.

Industrialdeak birgaitzeko jarduerez gain, Industriari Laguntzeko Planak beste neurri batzuk aurreikusten ditu: garraio publikoa garatzea, industrialde guztietara joateko bidegorriak sortzea, eta segurtasunarekin zein berdeguneak mantentzearekin lotutako neurriak.

Industriari Laguntzeko Planean —Gasteizko Udalak alor horretan onesten duen lehena— jasotako beste alderdi nabarmengarri batzuek 4.0 industria eta ekonomia zirkularra ezartzearekin dute zerikusia. Industrialdeetan banda zabaleko sareak hedatzeko aurreikusitako aurrerapenen berri eman du Urtaranek. Orobat, automozioaren eta logistikaren inguruan industria-hub bat eratzeko proiektua planteatu du, hiria erreferentea bihurtu dadin arlo horietan.

Azkenik, alkateak nabarmendu du prestakuntza ezinbesteko tresna dela kalitateko enplegua sortzeko; lanbide heziketan eta unibertsitatean une honetan dagoen eskaintzaren kalitatea aitortu du, eta enplegurako prestakuntzaren arloko politikekin zerikusia duten erakundeen artean lankidetzan aritzeko erronka berriak planteatu ditu.

Fotos

Vídeos