http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolak umorez abiaraziko du ikasturte berria

SERGIO EGUÍA

Gasteizko Emakumeen Berdintasunerako eta Jabekuntzarako Eskolak umorez abiaraziko du ikasturte berria, gaur arratsaldean. Isabel Franc idazle, artikulugile eta clown-hizlariak satira, ironia eta umore sena nahastuko ditu ‘Sonrisas de tinta’ izenburua duen hitzaldian, umorezko literaturan emakumeen presentzia eta absentzia hizpidetzat hartuz. Ondoren, Alicia Ramos kantautore kanariarrak hartuko du lekukoa Eskola irekitzeko ekitaldian, zeinak zazpigarren urteari ekingo baitio. Andere Arriolabengoa eta Oihane Pereak emango diote urrezko amaiera ekitaldiari; Goiuri jauregian izango da aurkezpena, 18:30ean hasita.

Ikasturte hasieran, Gorka Urtaran alkateak nabarmendu du “Eskola apustu irmoa” dela Udalak berdintasun politiken arloan egiten duen lanean. “Zazpi urteko ibilbidearen ondoren, hirian errotze eta presentzia handia izatea lortu du. Eskaintza osatzen duten prestakuntza-ekintzak gure hiriko elkarte ugariren laguntzarekin diseinatu dira. Hori dela eta, Eskolak askotariko programazioa du, hiriaren errealitatea eta beharrak kontuan hartzen dituena, emakume eta LGTBI pertsonen —banakoak zein antolatutakoak—behar eta interes multzo gero eta zabalagoari erantzuten diona”.

Aurreko ikasturtean 1.800 asistentzia zenbatu ziren Eskolaren jardueretan (% 87 emakumeak). Parte-hartzaileen hitzetan, «partekatu eta ikasteko, sentitu eta bizitzeko espazioa» da, «aukerez betetako bizkar-zorroa», edo «hausnarketa eta ekintza feministarako espazioa».

Une honetan, Gasteizko Emakumeen Etxea sortzeko partaidetza-prozesua garatzen ari da Berdintasun Zerbitzua; Jabekuntzarako Eskolaren jarraipen naturala da ekimen hori, Euskadiko beste udalerri batzuetan emakumeen ahalduntze kolektiboa lortzeko borrokan duen ahalmena erakutsi baita.

Partaidetza-prozesua amaitu eta emaitzak kontuan hartuz, Gasteizko Emakumeen Etxea 2018an zabalduko da.

Fotos

Vídeos