http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Emakumeak kaxarrankan?

Emakumeak kaxarrankan?
Txebi Arriaga

Dantzari gizonen urritasunak zeresan handia eman du zaleen artean euskal dantzaren etorkizunari begira

IZASKUN MOYANO

Euskal Dantzaren kulturak urteetan zehar bizirik iraun du Euskal Herrian eta baita atzerrian ere. Neska eta mutilak baserritar edo arrantzale jantzita Aurreskua, Zabaletakoa, Arin-arina, Makil Dantza, etab… dantzatzen ikusi ditugu urteetan zehar. Antzina ohiko ekintzak ziren; egun ordea nahi duen taldeak eratu eta herririk herri edota ekitaldiz ekitaldi ibiltzen dira haiengana hurbiltzen diren ikusleak animatuz.

Zoritxarrez, badago azken urteotan areagotu egin den arazo bat. Izan ere, dantzari gizonen kopuruak behera egin du nabarmen. Batzuek adinagatik hanka eta besoak astintzeari utzi behar izan diote. Beste zale batzuek ostera, denbora faltagatik ezin izan dute talde horietan dantzatzen jarraitu. Gainera, urtero neska dantzari berriak apuntatzen badira ere, ez dira behar diren beste mutil gazte animatzen. Hori dela eta mutil dantzarien beharrizan handia dago euskal dantzan.

Arazo honek zeresan handia ekarri du euskal kultura maite dutenen artera. Izan ere, gizonezkoen huts hori nola edo hala bete egin behar da. Horretarako, hainbat iritzi plazaratu dituzte. Tradizio zale askoren ustez, gizonek interpretatu ezean dantza horiek desagertu egin beharko lirateke. Hauen ustez, emakumeek ezingo lukete gizonen piezak dantzatu, ohitura apurtuko luketelako. Gauzak horrela, andrazko batek ezingo luke ezta bikoteka dantzatzen den kasuan gizonezkoaren papera hartu.

Bestalde, dantzok ez galtzearen alde agertzen direnek ez diote generoari garrantzirik ematen. Izan ere, ez die axola bikote bateko kide biek gona soinean badaramate, ezta gizonen dantzak emakumezkoek interpretatzen badituzte. Gauza bat behintzat argi dute: dantzari gizonezkorik ez egoteak ez du dantza jakin batzuen galera ekarriko, ez horixe. Ondorioz, hauen erabakia aurrera eraman ezkero, emakumezko bat ikusiko genuke Kaxarrankan.

Betidanik, Euskal Dantzak nola izan beharko luketen eta zelan dantzatu behar diren adierazten duten arauak finkatuta daude. Izan ere, Dantzari Eguna ospatzen den ekitaldi orotan Euskal Herriko Dantzarien Biltzarrak antzina aho batez adostutako legea da nagusi. Eta nola ez, dantzari guztiek hau errespetatu beharra dute. Elkarte honek beti tradizioaren aldeko apustua egin izan du. Beraz, gauzak aldatu ezean, badirudi mutil dantzek desagertzeko arriskua izan dezaketela.

Baina herriak ez du beraien iritzi bera. Hots, herritarrek eta euskal zaleek beraien ohiturak mantendu egin nahi dituzte, eta honetarako gogor borrokatzen dira. Iritziak iritzi arazo honek badirudi eztabaida luzea ekarriko duela datozen urteetan zehar. Beraz, gizon dantzarien kopuruak beheraka egiten jarraitzen badu etorkizunean, andreak arituko al dira edalontzi gainean dantzan? Auskalo!

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos